Kargagailu ultra-azkarrak
Luis Mir (Ikerlan): "Auto elektrikoetan, 300km 10 minutuan kargatzea lortu dugu"
MIKEL ROTAETXE | EITb Media
Estatuko kargagailu mugikor azkarrena diseinatu du Arrasateko Ikerlan teknologia-zentroak, 300km-ko autonomia 10 minutu eskasean kargatzeko modukoa. Luis Mir Energia Biltegiratzearen eta Potentzia Elektronikaren alorreko arduradunak eman dizigu xehetasunak 'B Planeta' tartean.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
100 kilometroko autonomia minutu gutxian kargatzea, sare elektrikoak gainezka egin gabe eta kargarako postu finko batera jo gabe. Arrasateko Ikerlan teknologia-zentroak berrikitan aurkeztu du Wattson Charge Madrilgo enpresarentzat ekoiztu duzuen kargagailu ultra-azkarra. Luis Mir Energia Biltegiratzearen eta Potentzia Elektronikaren alorreko arduradunak eman ditu azalpenak Euskadi Irratiko Faktoria magazineko "B Planeta"-n: "Egungo azpiegiturekin, 300km-ko autonomia kargatzeko 10 ordu behar genituzke etxean, ordubete kargagailu finko batean eta 10 minutu Ikerlanen aurkeztu dugun kargagailuarekin".
Mirrek azaldu du "oraingoz" kargagailua ez dagoela bideratuta ibilgailu pribatuetara, "alokairu-enpresetara, garraio-konpainietara edota automobilismo elektrikora baizik", baina lortutako teknologiak erakutsi duela "zein den etorkizuneko bidea". Kargagailu ultra-azkardun bi furgoneta erabiliko ditu orain Wattson Chargek, energia-hornidura batetik bestera eramateko, "eta ez alderantziz". Ñabardurak daude, nolanahi ere: "Auto denentzat ez dago egokituta"-
Garbiñe Manterola Agirrezabalaga BRTAko transferentzia arduradunaren konpainian, luze aritu gara Mirrekin kargagailua diseinatu eta sortzeko prozesuaz, azpiegituraren aplikagarritasunaz eta auto elektrikoaren orainaz eta geroaz. Aurrerapen teknologikoen zain, Mirrek dio "gainditu beharreko muga psikologikoak" ditugula ibilgailu elektrikoekin.