Itxi

Hauteskundeak Indian

Indiako hauteskundeak: Sei aste, 969 milioi boto-emaile eta boto-kutxak Himalaiako tontorretan

MIKEL ROTAETXE | EITB Media

Boto-kutxak Himalaian, hauteslekuak ohianaren erdian, uharte bakartietan... eta mila milioi boto-emaile, botoa ematera deituta. Planetako hauteskunderik handi eta bitxienak hasiko dituzte gaur Indian. "Iparra galdu. Hegora joan" solasaldian aztertu ditugu.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Planetako hauteskunderik jendetsuenak hasiko dituzte Indian. Mila milioi lagun daude botoa ematera deituta —munduko populazioaren % 12— eta, parte hartzea ahalbidetzeko, 10 milioi funtzionariok 2,5 milioi boto-kutxa higigarri eramango dituzte batetik bestera. "Iparra galdu. Hegora joan" solasaldi globalean, hauteskunde erraldoi horien inguruko argibideak eman dizkigu Xabier Eskibel Indiako Pune hirian bizi den UNO MINDA automozio-enpresako marketin-arduradunak.

"Iraganean paper bidez ematen zen botoa", azaldu du, "baina, iruzurra sahiesteko, botoa emateko makina higigarriak prestatu dituzte eta sei astez eramango dituzte batetik bestera". Botoa emateko eta zenbatzeko bideak azaldu dizkigu, eta boto-kutxak Himalaiatik ohianera eramateko bideak. Hauteskundeetan Lok Sabha berrituko dute, Indiako Parlamentuko behe ganbera, eta Narendra Modi egungo lehen ministroa da faborito nagusia, Eskibelek azaldu duenez.

Solasaldian izan dugu Estebe Ormazabal 26 urtez Brasilen bizitako laguna ere. Brasilgo gobernuak jatorrizko herriei egindako barkamen-eskaria eta Brasligo Jusiziak Elon Musken aurka abiatutako auzibidea izan ditugu hizpide.

Audioak (1)