Pedro Sanchezen dimisioa?
Jesus Eguiguren: "Sanchezek ez du dimititzeko eskubiderik, jendearekin betebeharra du eta eutsi behar dio"
Oihane Yustos | Eitb Media
Eguigurenen hitzetan, Sanchezek dimititzea neurri batean estatu kolpea litzake. "Jendeak presidente bat aukeratu du eta bide ez demokratiko bitartez bota egiten duzu", presioak eta albiste faltsuak zabalduta. Hortik egin du galdera: "Zein alde dago estatu kolpe baten eta honen artean?".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Jesus Eguigurenek ondo asko daki zer den presioa sentitzea. "Bai, niri ere tokatu zait nolabait eskubidaren jazarpena baina, eutsi behar zaio". Tarradellas-en esaldi bat burura etortzen zaio bere alderdiak, PSOEk eta Pedro Sanchezek bizi duen egoeraz galdetzen diozunean, "Tarradellasek zioen politiko batek ezin dituela bi gauza egin: ridikuloa egin eta dimititu". Eta esaldi horri eusten dio, hasieratik bukaerara: "Arduragabekeria litzake dimisioa ematea. Kargua uztearekin onartuko lukeelako ezin duela ezkerreko presidenterik egon Espainian" eta aldi berean, indarra emango liokeelako eskubiari, "presidenteak botatzeko eskubidea duela" pentsatuko luke eta aurrekari "oso negatiboa" jarriko luke. Sanchezen ondoren etorriko litzakeen beste presidenteari ere presio handia egingo liokeelako.
Hori guztia buruan Eguigurenek uste du Pedro Sanchezek ez duela dimitituko. "Ardura izugarriak ditu, berari botoa eman diotenarekin eta kargua uzten badu, oso egoera aldrebesa utziko luke". Are gehiago esan du "Faktoria" albistegian: "Uste dut ez duela eskubiderik dimititzeko. Obligazio bat du jendearekin eta eutsi behar dio. Nik uste dut berak dimisioa emateko gogoa izan arren, ez dela posible".
Asteburuan egitekoa den mobilizazio handiak Sanchezen erabakia eragina izan dezakeela uste du PSEko presidente ohiak: "Bai dudarik gabe, 5 hauek eskatu baditu gogoeta egiteko, neurri batean izan da jendearen erantzuna neurtzeko. Ikusten badu herritarrei ez zaiela inporta dimitituko du baina, ikusten badu babesa duela, segiko du". Gerta litekeena larria dela azpimarratu du behin eta berriz, "neurri batean estatu kolpea litzake, jendeak presidente bat aukeratu du eta bide ez demokratiko bitartez bota egiten duzu", presioak eta albiste faltsuak zabalduta. Hortik egin du galdera Egigurenek: "Ze alde dago Estatu Kolpe bat eta honen artean?".
Hauteskundeen irakurketa
Igandean egin ziren Legebiltzarreko hauteskundeei buruz galdetuta, "denek irabazi dutenaren" sensazioa du Jesus Eguigurenek. Gertatu dena interesgarria dela sute du, "aldaketaren aukera azaldu delako, nahiz eta gobernu berdinak segituko duen". Igandeko bozek erakutsi zuten Euskadin badagoela alternatiba eta EAJ ez dela Mexikoko PRI bezala, arazoak dituela. Etorkizunari buruz galdetuta, EAJ-PSE koalizioa ikusten du oraindik , "momentuz 4 urterako emango du , gero zer gertatu litekeen zaila da esatea". Eugigurenek nahiko luke Euskadiko alderdi sozialista alternatiba izatea baina, "errealista izanda, jo dezagun EH Bilduk irabazten dituela hauteskundeak. Orduan askoz zailagoa izango da EH Bilduri Lehendakaritza kentzea". PSEren buruzagi ohiak uste du hauteskundeek "aldaketak ireki dituztela baina, politikan ez dago ezer segururik.