Dantzaren Nazioarteko Eguna
Lara Zapirain eta Hodei Iriarte: Bi gorputz, kateak askatzeko dantzaldian
MIKEL ROTAETXE
Aurreiritzien eta zuzentasun politikoaren kateak hautsi dituzte Lara Zapirain eta Hodei Iriartek dantzariek, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. "Akondroplasia izateagatik seinalatu sentiarazi naute", esan du Zapirainek, "baina aurreiritziak zituztenek ere flipatu dute pieza ikustean".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Kafe eta infusio artean erabaki zuten Lara Zapirain eta Hodei Iriartek (Zarautz, 1993) lagun arteko elkarrizketa konplizeak sukaldeko lau hormetatik ateratzea. Aurreiritziak suntsitzearen eta kateak askatzearen aldeko dantzaldia sortu, landu eta taularatu dute, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Dantzaren Nazioarteko Egunaren bueltan Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak antolatutako emanaldian.
"Beti juzgatu naute", azaldu du Zapirainek, "akondroplasia dut eta 120 zentimetro neurtzen ditut, eta txikitatik sentitu ditut begiradak". Dantzazale izan arren, Zapirainek ez du sekula bere burua oholtza batean irudikatu, harik eta Iriartek proposamena egin dion arte: "15 urte pasa ditut atzerrian dantzan, eta itultzean banekien Lararekin zerbait egin behar nuela; indar ikaragarria du eta bazen zerbait polita egiteko garaia".
Gizartearen aurreiritzien aurka, prozesu artistiko "sakona" egin dutela nabarmendu du Iriartek eta lortu dutela oholtzan "indartsu eta harro agertzea". "Aurreiritziak zituztenek ere flipatu dute", erantsi du Zapirainek, "eta dantzan jarraitzeko bulkada ikaragarria sentitu dut".