Koldobika Jauregiren heriotza
Iñaki Irazabalbeitia: "Herri txikiok badugu kultura izateko eskubidea; aldarri hori zor diogu Koldobikari"
Izaro Insausti Barandiaran | EITb Media
Alkiza jaioterrian tristura eragin du Koldobika Jauregiren bapateko heriotzak. Herriko alkate den eta eskultorea lagun zuen Iñaki Irazabalbeitiak hunkituta kontatu du Faktorian artista umil eta berezia zela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Zura eta harria lantzen zituen artista askea, Koldobika Jauregi, 64 urterekin hil da bihotzekoak jota. Eskulturan nabarmendu bazen ere, artearen alor askotan aritu zen lanean. Baita herrintzan ere. Horren erakusle, Alkizan bosgarren legegintzaldia zuen zinegotzi gisa. Hain zuzen, Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak herritar konprometitua zela nabarmendu du Faktorian. Herri txikiek badutela kultura izateko eskubidea zuen aldarri Jauregik.
Izaera askea
Askatasun osoz aritzen zen artista polifazetikoa, sarri, bere aldarri hori zabalduz. Alkateak azaldu du Jauregik sarri aldarrikatzen zuela erakundeetatik iritsi behar dela herri txikiek behar duten babes kulturala. Oso kritiko zen eskultorea horrekin, maiz ondoeza sortzen bazuen ere.