Elkarrizketa
Eneko Goia: "Pisu turistikoek goia jo dute Donostian"
Jone Larrañaga | EITB Media
Jada lizentzia berririk ez dela ematen azaldu du Donostiako alkateak eta, araudia zorroztuta, aurrerantzean ere ez dela gehiago emango. Javier Hurtado Jaurlaritza berriko sailburuak turismo tasa ezartzeko iragarri duen asmoa oso begi onez ikusi du Goiak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Donostian ez da pisu turistiko gehiago izango eta lizentzia galtzen dutenek ezingo dute berreskuratu. Hori jakinarazi du Eneko Goia Donostiako alkateak "Faktoria"ri eskainitako elkarrizketan. Bartzelonan pisu turistikoak desagerrarazteko iragarri dituzten neurriak interesez jarraitzen dutela adierazi du Goiak, baina zehaztu du lege markoa diferentea dela eta, hemen, bertako araudia zorroztuta ari direla pisu turistikoei mugak jartzen. Lantzen hasi berriak diren plan orokorrean utzi nahi dute lotuta: "Etxebizitza helburua duen eraikin batek etxebizitza funtzioa beteko beharko du derrigorrez", adierazi du.
Turismoarekin lotuta, Goiari "oso ondo" iruditu zaio Javier Hurtado sailburuak tasa turistikoa ezartzeko adierazi duen asmoa. Donostiako alkateak adierazi du, legegintzaldiaren amaieran, sozialisten partetik somatu zuela jarrera aldaketa bat eta Imanol Pradalesek bere gobernu programan ere aurre ikusi duela neurri hori. "Turismoak onurak bezala ekartzen ditu eragozpenak, eta eragozpen horiek Udalaren bizkar gainean izaten dira nagusiki. Tasa turistikoak izan behar du Udalak laguntzeko figura", adierazi du.