ONDARROAKO NESKATILEN ELKARTEA
"Geure biziko beharra izan da portukoa; oso gogorra, baina ederra"
Kortxeleko mamuen jaitsieragaz abiatuko dira Ondarroako andramaixak. Portuko andrak omenduko ditu aurten herriak. Ehunka ziren duela hamarkada batzuk; dozena bat inguru gaur egun. Gastatzear da lanbidea, eta luzaro ukatutako aitortza jasotzen ari dira "barrako andrak".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Itxaronaldi amaigabeak. Txalupak kaira biltzean, aldiz, kerarik gabeko lan-jardun gaitzak. Karga handien garraio batera eta bestera, hotzez sarri; desordutan beti. Krixadak esaten zieten lehen, neskatillak gero. Moilara sartzen den arraina deskargatu, atondu, eta salmentarako prestatzeaz arduratu izan dira, baita baxurako ontzien lojistikaz ere. Ondarroan aritu den azken neskatila, Mariluz Arizmendiarrieta, elkarrizketatu dute Faktorian. Eta Mariluzekin batera, gaztetxotatik portuan beharrean jardundako beste bi emakume kementsu ere entrebistatu dituzte: Marian Müller eta Amaia Diz. 60 urteak aparte ez dituzte, eta duela 20 urte barrena abiatutako borrokari esker jubilazioa hartzeko ez zaie asko falta.
Portuko andrak harro daude eta eskertuta Ondarroako udalak haiei omena egitea erabakoi duelako. "Sorpresaz hartu genuen erabakia, eta pozarren gaude". Izan ere, lan arloan, batik bat, azken katebegitzat hartu izan dituzte eta gizonei aitortutako eskubideak irabazteko borroka latza egin dute.