ELA sindikatua
Lakuntza: "Osasun mahaia herren dago; Gobernuak ez du inongo konpromisorik Osakidetza publiko baten alde"
Imanol De La Varga | EITb Media
Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegian egin diogun elkarrizketan, Mitxel Lakuntza ELA Sindikatuaren idazkari nagusiak justifikatu egin du Osasun Itunaren bileran parte hartu ez izana. Uste du Jaurlaritzak ez duela konpromiso nahikorik osasun publikoarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mitxel Lakuntzak gogor egin du Jaurlaritzaren kontra, eta deitoratu egin du Osasun Publikoa sustatzeko diru publiko gehiago inbertitu nahi ez izatea. "Faktoria"n egindako elkarrizketan, ELA sindikatuaren idazkari nagusiak gezurtatu egin du kontratatzeko mediku nahikorik ez dagoenik, eta uste du Jaurlaritza gauza bat esan eta beste bat egiten ari dela. Osasun Itunerako mahaia denbora irabazteko eta Gobernuak dituen ardurak lausotzeko estrategia iruditu zaio; gainera, mahai sektorialaren zilegitasuna nabarmendu du.
Batzar Nagusietan eztabaidagai den zerga erreformari lotuta, enpresek gehiago ordaintzearen beharraz mintzatu da. Azken urteetan, langileek gehiago eta enpresek gutxiago ordaindu dutela azaldu du; baina ez du uste erakundeek borondaterik dutenik egoera iraultzeko. Ekonomia sailburuari Confebask patronalarekin lerratzea leporatu dio.
Euskal Herrirako eta Europarako Industria Politika sendoa aldarrikatu du eta, zentzu horretan, ez du erabat gaizki ikusi Mario Draghik Europarako proposatutako makro inbertsioen plana.
Azken urteetan sinatutako lan hitzarmenen garrantzia azpimarratu du, eta beste behin berretsi du LAB sindikatuarekiko harremanak hoztuta daudela.