PSE
Garcia Gurrutxaga: "PPk jauzi kualitatiboa eman du. Modu indezentean erabili du biktimen samina, politikoki"
Gipuzkoako diputatu sozialistak dimisioak eskatu ditu PPren barruan, ETAk hildako ordezkari sozialisten argazkiak erabiltzeagatik. Bestalde, zuhur mintzatu da Abalos ministro ohiaren inputazioa gero eta gertuago dagoela eta 'Koldo' auzian parte hartu izana leporatzen dioten albisteez.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga diputatu sozialistak hitz gogorrak izan ditu PPrentzat: "Asteazkenekoa latza izan zen eta ulertezina. Jauzi kualitatibo izugarria eman du PP-k. Biktimen eta alderdiaren mina horrela erabiltzea, duintasunik eta gizakidetzarik gabe… Izugarria da". Erantzukizun politikoak eskatu ditu eta uste du PPren barruan dimisioak eman beharko liratekeela. Uste du Nuñez Feijooren lidergoa auzitan dagoela eta aste honetan agerian gelditu dela hori, Europan betetako espetxe zigorrak aintzat hartzeko lege erreformarekin gertatu denarekin: " bere ardurak bere gain hartu ez eta alderdikideei bota die errua".
"Koldo' auziaren harira Jose Luis Abalos, garraio ministro ohia nahasten duten azken informazioei buruz, adierazi du gaur egun ez dagoela harremanik Abalos eta PSOEren artean. Auzia atera orduko apartatu egin zutela eta diputatu akta emateko eskatu baina hori, erabaki pertsonala dela gogora ekarri du. Azpimarratu du erantzukizun politikoak berehala eskatu zitzaizkiola "ez beste alderdi batzuk bezala" eta gaineratu du azkenik, zuhur, orain Justiziari utzi behar zaiola bere bidea egiten. Estatuko aurrekontuen negoziazioa bide onetik dihoala aipatu du, aurrera egingo dutela iritzita eta eskumenen harira, azpimarratu du gaiak konplexuak direla baina borondatea badagoela bai Espainiako gobernuaren aldetik eta baita sozialisten aldetik, esku aldatzea gauzatzeko.