Bigarren Laurdena
Ozeanoen epeltzea, itsas-denboraleak eta 8 metroko olatuak neurtzeko radarrak
MIKEL ROTAETXE | EITb Media
VI. Uhinak kongresuari buruz hitz egin dugu Faktoriako 'Bigarren Laurdena' tartean. AZTIko Lohitzune Solabarrietak azaldu digu kongresuan aurkeztuko duena: itsasoko korronte eta olatuak neurtzeko radar-sistema. "8 metro arteko olatuak erregistratu ditugu".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Klima aldaketak ozeanoei eta kostaldeari eragiteko moduaz eztabaidatzeko 150 aditu baino gehiago elkartuko dira urriaren 23an Irungo Ficoban. Uhinak kongresuak seigarren edizioa du eta hizlarien artean egongo da Lohitzune Solabarrieta AZTIko ikerlaria. Matxitxako eta Higer lurmuturretan dauden azpiegituren bidez, Kantauri itsasoa frankuentzia altuko radarrez ikertzen du.
Prestige ontziaren hondamendiaren ondotik ezarri zituzten radarrak, itsasoaren joan-etorria orduz ordu monitorizatu ahal izateko: "Duela urte batzuetatik korronteak eta olatuak ikertzen ditugu, eta intentsitate altuko itsas-denboraleei neurri hartzeko, besteak beste". 2020 eta 2022 artean, 4, 6 eta 8 metroko olatuak erregistratzera heldu dira, 12 orduz. Klima aldaketak hori guztia "areagotu" dezakeela nabarmendu du, baina oraingoz ez dutela joera hori egiaztatzeko daturik. Nolanahi ere, radarrak "tresna apartak" direla esan du, itsasoaren joan-etorriei aurre hartu eta beharrezko neurriak hartzeko.
Fermin Alvarez itsas geologo eta doktoreak eta Markel Peñalba Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak osatu dute solasaldi-mahaia. Itsas mailaren igoera neurtzeko bideak azaldu dizkigu Alvarezek, eta Peñalbak, berriz, itsas energia berriztagarrietarako radar bidez bildutako datuen garrantzia.