Itxi

LAB

Aranburu: "Urtea amaitu aurretik sortu liteke gutxieneko soldata egikaritzeko bidea emango lukeen mahaia"

OIhane Yustos | EITb Media

Sidenor enpresak Talgo erosteko asmoari erantzuna eman dio "Faktoria"n LABeko idazkari nagusiak: "Ohartarazpena egin nahi dugu. Ez dugu ontzat emango operazio honek albo-ondorioak izatea Sidenorrek Euskal Herrian dituen beste lantegietan".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Sidenorrek Talgo erosteko asmoa baieztatu eta biharamunean, Euskadi Irratiko "Faktoria" albistegian izan da LAB sindikatuko idazkari nagusia. Garbiñe Aranburuk uste du mugimenduak Talgoren egoerarentzat irtenbidea izan litekeela, baina zuhur hitz egin du. "Informazio asko falta" dela eta "hainbat puntu argitzeko" daudela esan du, eta oharra egin dio Sidenorren jabe den Jainaga enpresariari: "Ez dadila operazio hau baliatu Sidenorrek Legution eta Azkoitian dituen langileen baldintzak okertzeko".

Gutxieneko soldata

Patronalarekin, enplegu sailarekin eta beste sindikatuekin Euskadiko gutxieneko soldatari buruz hitz egiten aritu da LAB sindikatua eta aukerak ikusten ditu "urtea amaitu aurretik akordio intersektorial bat posible egingo duen mahaia" sortzeko. Patronalari eskaria egin dio LABeko Garbiñe Aranburuk, "akordioa lortzeko jarrera proaktiboa izan dezala, mahaia osatzeko aukerak" badaudelako. Enpresariek mahaia blokeatuko balute, "Eusko Jaurlaritzak esku hartu beharko" lukeela uste du Aranburuk.

Bestelako gaiak

Abian den osasun mahaiari buruz galdetuta, "arrakasta nekeza" ikusten du. Benetako asmoa, Aranbururen hitzetan, "adostasuna irudikatzea" da eta ez ituna lortzea. Hasteko, Eusko Jaurlaritzaren diagnosiari informazioa falta zaio; pribatizazio eta kontzertazioari buruzko datuak.

Hezkuntza arloan, itunpeko ikastetxeetako irakasleen soldatak eskola publikoko irakasleenekin parekatzea positibotzat jo du: "Positiboa da akordioa, itunpeko langile guztien soldata ekiparazioa sinatu genuelako 2017rako, eta eman beharko da".

Audioak (1)