Robotika
Urko Esnaola, Tecnalia: "Robotak edonork programatzea, hori da erronka nagusia"
MIKEL ROTAETXE | eitb mEDIA
Tecnaliaren robot berrienak ezagutu ditugu ikerketa zentroak Gipuzkoako Zientzia eta Teknolgia Parkean duen egoitzan. Urko Esnaola robotika-proiektuetarako zuzendaria: "Irudimenik aurreratuenak ere ez daki robotika noraino hel litekeen".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
The Business Research Companyren proiekzioen arabera, nazioarteko robotika industriak 120.000 milioi euro eragingo du aurten eta 2028an bikoiztu egingo da negozio-bolumena. Europako Batasunean bakarrik, %68ko hazkundea espero dute sektorean aurten eta Euskal Herrian Tecnaliada ikerketa robotikoaren erreferenteetako bat. Ikerketa zentroak Gipuzkoako Zientzia eta Teknolgia Parkean duen egoitzan hartu gaitu Urko Esnaola Tecnaliako robotika-proiektuetarako zuzendariak.
Hiru robot aurkeztu dizkigu Esnaolak: Robotnik enpresarekin batera garatu duten eta aeronautikarako piezak leuntzen dituen Thomas robota, errealitate birtualeko betaurrekak erabiliz leuntzea automatizatzeko gai den beso robotikoa, eta NextStage, bitrozeramikak era autonomoan eta ahots aginduz muntatzeko gai den humanoidea (baita euskaraz ere).
"Azken urteetan urrats handiak egin ditugu", azaldu du Esnaolak, "eta oso toki onean gaude nazioarteko lehian". Etorkizuneko erronka "erraztasuna" dela nabarmendu du Esnaolak, robota "edonork" programa dezan: "Inteligentzian egin behar dugu lan, bisio eta adimen artifizialean, gizaki eta roboten arteko komunikazioa erraz dezagun". "Aukeraz beteriko" etorkizuna marraztu du Tecnaliako robotika-proiektuetarako zuzendariak: "Irudimenik aurreratuenak ere ez daki robotika noraino hel litekeen".