Mikel Lezama, PP
Lezama: "Negoziazioetarako esklusibitatea ezarri nahia, uste dut aniztasunaren kontra egitea dela"
Aitor Sagarzazu | EITB Media
Gipuzkoako Batzar Nagusietan, akordioa itxi du gobernuak Alderdi Popularrarekin 2025eko aurrekontuei buruz. Euskadi Irratiko Faktorian, "gustura" agertu da Mikel Lezama bozeramailea, eta oposizioko gainerako alderdiei "taktizismoz" jokatzea leporatu die.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurrekontuak eztabaidatzen ari diren honetan, Mikel Lezama PPren bozeramaileak EH Bilduri leporatu dio plurtaltasuna ez onartzea. Euskadi Irratiko Faktorian eginiko elkarrizketan, adierazi du alderdi guztiek aberastasuna emateko gaitasuna dutela, eta uste du esklusibitatea ezarri nahia "aniztasunaren kontra egitea dela". Gainera, "taktizismoa" egotzi die koalizio abertzaleari zein Podemosi, pentstzen baitu zuzenketak siglarik gabe bozkatuko balira, ados egongo liratekeela ia denean. Alderdi Popularrak, egoera horren aurrean, errealismo ariketa bat egin duela deritzo.
Eider Mendoza buru duen gobernuari dagokionez, iaztik hona jarrera aldaketa bat izan dela ikusi dute popularrek, Lezamaren hitzetan, eta horrek ahalbidetuko du legealdi honetako lehen aurrekontuak onartzea. Lortutako akordioarekin "gustura" daudela adierazi du, eta EAJ-PSEk osaturiko taldeari "esfortzua" aitortu dio.
Migrazioa izan da akordioaren ardatzetako bat, eta "horren atzean dagoen filosofia da garrantzitsuena". Aukera ontzat jo du migrazioa Lezamak, baina mamian sartzea beharrezko ikusten du, migrazioari "benetako integrazioa" emateko. Neurri horietan PP bidelagun izango dela onartu du. Javier De Andrés, Euskadiko PPren buruak duen jarrera berdina dela uste du, eta Donostiako Afari Solidarioen auzian, popularrek mahaigaineratu dute erakundeek hartu behar dituztela neurriak, desberdintasunak eta ondorioz sortzen den delinkuentzia areagotu ez daitezen.
Zerga-erreformari dagokionez, aurrekontuekin bezala jokatzeko asmoa du PPk, baina gobernuak eginiko proposamena deitoratu du: "erreforma fiskala ez, errebisioa egin dute". Hiru lurraldeetan neurri bertsuak izatearen kontra ere agertu da.