Erik Etxart, Seaska
Etxart: "Ondoko bi urteetan, lizeo berri bat egiteko asmoa dugu, hori izanen da gure proiektu handia"
Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak hiru lehendakari ditu jada, tartean, Erik Etxart urdiñarbetarra. Kargua hartu berritan, Seaskak izango dituen erronkei begira jarri da Euskadi Irratiko 'Faktorian': ikastolen beharraz, azterketak euskaraz aldarriaz eta lizeo berri baten proiektuaz mintzo da.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Seaskak, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, lehendakari berriak ditu jadanik. Hiru laguneko burutza bat diseinatu dute datozen urteetarako: Erik Etxart zuberotarra izango da bozeramailea eta Euskal Herri osoko Ikastolen Elkartearekin harremanak kudeatuko dituena, Sophie Layus lapurtarra arduratuko da langileez eta kanpo-harremanez, eta Antton Etxeberri baxenabartarrak ikastola eta herriko etxeen harremanak zein elkartearen garapena landuko ditu.
Kargua hartu berritan, Euskadi Irratiko 'Faktorian' izan da Erik Etxart. Hilabete batzuk dira prestatzen hasiak zirela, eta bere hitzetan, "orain ikusiko dugu pentsatu genuenaren eta gertatuko denaren artean zer alde den". Uste du erronka handiena izango dela azaltzea Euskal Herriak ikastolen beharra baduela, Ipar Euskal Herrian eta oro har zazpi lurraldeetan. Euskara biziberritzeko giltzarritzat jo ditu ikastolak, eta horri loturik, azterketa guztiak euskaraz egin ahal izateko aukera izan nahi lukete. Baxoa frantsesez baino ezin dezakete egin ikasleek, eta Seaskak eguneratu beharra duen hitzarmenean berme hori jasotzea gustatuko litzaieke.
Ondoko bi urteetan, lizeo berri bat egiteko asmoa berretsi du Etxartek: "hori izanen da gure ikastetxe-proiektu handia". Halere, "han-hemenka" beste proiektu batzuk ere badituztela iragarri du, tartean, Beskoitzen (Lapurdi). Pariseko gobernuarekin dituzten loturei dagokienez, azaldu du "biziki zaila dela harreman jarraikiak izatea", Estatuko ezegonkortasunak kalte egiten baitie. Ondoko asteetan, harreman horiek bideratzeko itxaropena agertu du Etxartek.