Itxi

Estatuko araudi-aldaketa

IAT berriaz jakin beharrekoa

Euskadi Irratia/ Aritz Agirre

Kontrol zorrotzagoak ezarriko dituzte ibilgailuen segurtasuna eta emisio kutsagarriak neurtzeko baina aldaketa pixkanakakoa izanen da eta ez du gidariengan aparteko eraginik izanen.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Neurketa berriak goizean hasi dira baina ez dute ondorio praktikorik izanen uda pasa arte eta  urtebete beharko da aldaketa erabat gauzatu arte. Teknologikoa eta informatikoa da aldaketa. Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) egiteko OBD diagnosi sistema berritzailea erabiliko dute. Aparailu hori autoan konektatuta, bere datu guztiak xurgatuko dituzte. Oraingoz emisioen kontrol sistema ikuskatuko dute, autoaren gas kutsakorrek ez dezaten muga gainditu, baina sistema berri honek autoaren parametro ia guztiak neurtzeko aukera ematen du, egun tailerrek eta kontzesionarioek egiten duten moduan.

Berrikuntza nagusiak

Araudi berriaren ondorioz,  autoaren akats arinak bi hilabeteko epean zuzendu beharko dira isunik jaso nahi ez bada eta akats larriak 10 eguneko epean konpontzen ez badira autoari baja emateko tramitazioa hasiko da. Era berean, arreta gehiagorekin begiratuko dute kilometro kontagailua manipulazioak saihesteko. Bere aldetik, erabiltzaileak bigarren IAT Estazio batera jotzeko eskubidea izanen du lehendabiziko ikuskaritzarekin konforme gelditu ez bada. Gainera, IAT-a finkatutako data baino lehen berrituz gero,  epeak errespetatu eginen dira  eta hurrengo ikuskaritza ez da aurreratuko.

Europako irizpideekin bat

IAT-a berritzeko Estatuko araudi berriak Europako Zuzentaraua du oinarri. Hortaz, Europako Batasun osoan bateratu eta homologatuko dira ibilgailuen azterketarako irizpideak. Berez, IAT estazioentzat suposatuko du ahalegin handiagoa, makina berriak erosi,  sistemaren informatizazioa berritu eta ikuskarien formazioa egokitu beharko dutelako. Izan ere, ibilgailu modernoen teknologia berriek ezinbestean ekarri baitute horien ikuskaritza berritu beharra. IAT arduradunek lasaitasuna eta pazientzia eskatu dute. Ezin da ahaztu, haien hitzetan, aldaketa oro gidariaren onerako dela, bere segurtasuna hobetzen duelako.

Audioak (1)