Itxi

Black is beltza

Iruñeko erraldoi beltzen aldarria

Euskadi Irratia/Aritz Agirre

Bere sorlekura itzuli da Fermin Muguruzaren 'Black is beltza' filma. Iruñean, jendez lepo betetako Golem zinematan aurkeztu dute pelikula, bi erraldoi beltzak bertan zirela.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Iruñeko bi erraldoi amerikarrei New Yorken dantzatzea debekatu zieten 1965. urtean, beltzak zirelako. Gertakari historiko horren 53. urteurrenean omendu dituzte Black is Beltza filmaren Iruñeko aurkezpenean. Izan ere, hori baita Fermin Muguruzaren filmaren abiapuntua: erraldoien dantzarietako bat da protagonista nagusia,  Manex, New Yorken gelditzea erabakitzen duena debeku horrekin suminduta. Fermin Muguruzak bere begietatik ematen digu 60. hamarkadako gertaeren berri.

Iruñeko filmaren aurkezpenean omenaldi berezia jaso dute Iruñeko erraldoien Konpartsako kideek eta txistulariek. Bertan izan da Joseba Asiron Iruñeko alkatea, beste hainbat ordezkari politikoekin batera. Era berean, Iruñeko kultura munduko aurpegi ezagunak eta Muguruzaren jarraitzaile ugari ikusi dugu filmaren aurkezpenean.

Iruñeko konpartsako sei erraldoik dantzatu zuten New Yorkeko bosgarren etorbidean. Beste biak Iruñean utzi zituzten. Konpartsako kideek kontatu digutenez, Iruñeko agintariek hartu zuten erraldoi beltzak ez eramateko erabakia Estatu Batuetan bizi zen arrazakeriaren beldurrez.  Mende erdia baino gehiago pasa ondoren, zentsura eta bazterkeria jaso zuten bi erraldoi beltzak errege eta protagonista nagusi izan dira Black is beltza filmaren Iruñeko aurkezpenean.

Audioak (1)