Itxi

Nabigazioa aukeran

Lukretia bela ontziarekin jolasean Pasaian, haizea lagun

EUSAKDI IRRATIA | Asier Odriozola

Ia 100 urte dituen ontzi holandarra bere onera ekarri dute Amuaitzek eta Edgarrek. Itsas zabalera irten eta kostaldea itsas barrenetik ikusteko aukera aparta da Lukretia.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Ostarte Sailing enpresa sortu dute Amuaitz Lertxundik eta Edgar De Pedrok, amets bat sortzen duenaren irrika eta intentzioarekin. Lehendik ere itsasoarekin, itsasontziekin, Pasaiarekin...harreman zuzena edukitakoak ziren baina bazuten buruaren txokoren batean, asmo bat, gauzatu nahi zuten egitasmo zail bat. Zaila otzi bat behar zutelako eta ez zutelako horretarako beharrezkoa den dirutzarik. Destinuak ordea ate ondora ekarri zien Lukretia, itsura kaskarreko baina arima sendoko bela ontzia. Elkarri deitu, egitasmoa suspertu eta proposamen ero bat egin zioten jabeari: bere onera ekarriko zuten ia 100 urteko ontzi holandarra, denbora baterako erabiltzen uzten bazien. Ametsaren indarrak bakarrik lortzen dituenez gauza batzuk, negoziazioak emaitza ona eman zuen: Lukretia euren esku utzi zuten.

Harrezkero: ontziari sendaketak egin zizkioten eta ez txapapintura kontuak bakarrik, estrukturalak ere bai. Egoera txarrean iritsi zen Pasaira eta lan haundia eman zien berriz ere segurtasunez nabigatzeko moduan jartzeak, baina bi ameslari hauei eskerrak Lukretiaren ateraldiak ohikoak dira. Pasaiako badia du babesleku eta handik abiatzen da bi, hiru, lau, zazpi...orduko itsas-txangoetara. Euskal Herrira etortzen den bisitariari gure kostaldea itsasotik ezagutzeko aukera ematen zaio baina baita bertako izanik inoiz ikuspegi hori izan ez duenari ere. Paisajea eta haizearen bultzadaz nabigatzeak ematen duen gozamena, biak batean bizitzeko aukera ematen du Ostarte Sailingek. Hori, bere horretan, nahikoa amu bada Lukretiaren esperientzia bizitzeko baina ez da itsasoratzeko motibo eskasagoa Edgarrekin eta Amuaitzekin tertulian joan ahal izatea. Atseginak dira, dibertigarriak eta...arriskutsuak. Bere bizitzan aldaketa sakonak egin ala ez buruan zalantza daraman inor Lukretiara igotzen bada, adi! Seguru asko aldaketa-saltoa egingo du, eurek ere hala egin dutelako lan finkoak atzean utzita. Hori da esperientziaren arriskua, arrisku kilikagarria! Zabaldu oihalak eta nabigazio on!

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)