Itxi

Proiektu ekintzaileak

Despopulazioari aurre egiteko supermerkatu ibiltaria

Euskadi Irratia | Aritz Agirre

Nafarroan dendarik ez duten 35 herri txikitako bizilagunei etxeko atariraino eramaten die supermerkatua Koldo Landa Aezkoarrak. 600 kilometro egiten ditu astean, 300 produktutik gora eskaintzeko.

Koldo Landa Aezkoarraren "supermerkatu ibiltaria".

Banaketarako furgoneta bat baino askoz gehiago da, errubera gaineko supermerkatua. Koldo Landa aezkoarrak Alemaniatik ekarri eta berritu duen kamioiak auzoko supermerkatu txiki baten itxura du bere barruan. Horrela, bezeroek produktuak begiratu eta aukeratu ditzakete. 300 produktu eskura, auzoko supermerkatu baten prezioan. Hori bai, bi marka eskaintzen ditu soilik produktu bakoitzeko baina enkarguz gauzak eskatzeko aukera eskaintzen du Landak. Aezkoa, Erro, Izagaondoa, Betelu eta Agoitzaldeko herrietara joaten da astero.

Supermerkatu ibiltariak funtsezko zerbitzua eskaintzen die mugikortasun arazoak dituzten edo autorik hartu ezin duten herri txikietako adineko biztanleei. Baina gazteek ere zerbitzu horri eustearen aldeko apostua egiten dute, "oso ongi datorkigulako eguneroko beharrei erantzuteko eta hiriburura edo hurbileko herri handiagoetara autoz joan behar ez izateko". Gainera, bizilagunen esanetan, "inork ez daki zer gerta dakizukeen etorkizunean. Lesio txiki bat, hanka haustea adibidez, arazo handia izan daiteke erosketa egiteko orduan, herri txiki edo lekutuetan bizi baldin bazara". Ideia ekintzaile eta berritzailea da, herri txiki askotan bizi duten zerbitzu gabezia eta despopulazioaren arazoaren aurrean.

Informazio gehiago (1)