La Encartada museoa
La Encartadaren industria ondarearen garrantzia aitortu du Europak
Euskadi Irratia | Olatz Arriola-Bengoa Ortega
Industria turismoaren ibilbidean "Anchor Point" izendapena eman dio museoari, garrantzia historikoa eta turismo erakarlea den toki gisa aitortuz.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
1892. urtean sortu zen Balmasedako El Peñueco auzoan. La Encartada lantegia. Ameriketara dirua egitera joandako balmasedar baten iniziatiba izan zen.
Ehungintza fabrika bat izan zen La Encartada, artilea zuen lehengai, eta harekin oihalak, bufandak, eskularruak egiten zituzten, baina fama, egiten zituen txapelengatik hartu zuen.
100 urtez aritu zen lanean la Encartada, 1992. urtean itxi zituen ateak. Mende berrira egokitu ez, eta zaharkitua geratu zen.
Fabrika itxita, Balmasedako udala, Bizkaiko Aldundia eta baita Industria ondarearen elkartea, harribitxi haren garrantziaz ohartuta, hura babesteko ekimenetan hasi ziren, 2007an zabaldu zen museoa.
Museoak 13.000 bisitari ditu urtero, eta espero dute europako izendapen honek haren izena zabaldu eta bisitari gehiago erakartzeko ere balioko duela.