Asteburuan
Autogobernuaren kontrako esku-hartzeak, Foro Soziala eta Oxfam, 'Goiz Kronika'n
Larunbatean, Begoña Errazti eta Jexux Mari Mujika izango ditu solaskide Joxe Juan Ugaldek. Igandean, Lesakako Tantirumairu ikastolako zuzendariarekin ariko gara Oinez Basoaz.
Eusko Legebiltzarrak Espainiako gobernuak autogobernuaren kontra egiten dituen esku-hartzeak salatu ditu. Hori izango dugu hizpide larunbatean 'Goiz Kronika' saioan. Gainera, Foro Sozialak otsailaren 24an Gasteizko Europa Jauregian indarkeria desberdinen biktimak elkartzeko antolatu duen ekitaldiaz eta Oxfam gobernuz kanpoko erakundeak eragindako eskandaluak gainerako taldeei kalte egingo ote dien aztertuko dute Begoña Erraztik eta Jexux Mari Mujikak Joxe Juan Ugaldek gidatutako solasaldian.
Igandean, bestalde, Maria Luisa Etxeberria Lesakako Tantirumairu ikastolako zuzendariarekin hitz egingo dugu Oinez Basoaz. 2015eko suteak erre zuen Frain mendian 11 mila zuhaitz jartzeko hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Ikastolen Elkarteak, Leskako Udalak eta Tantirumairu ikastolak. Hasita dago birlandaketa, eta igandean ekitaldi sinbolikoa egingo dute.
Larunbatean, 07:00etan hasiko da albistegia, 08:00etan hasiko da albistegi nagusia, eta 08:30ean, berriz, solasaldian izango dira Begoña Errazti eta Jexux Mari Mujika.
Igandean, 07:00etan eta 08:00etan izango dira albistegiak. 09:00etan, berriz, albiste nagusien errepasoa egingo dugu, eta Lesakako Tantirumairu ikastolako zuzendari Maria Luisa Etxeberriarekin. Jarraian, erreportajeen tartea izango dugu.