Amaia Bacigalupe
"Konfinamendu luze honek albo eraginak izango ditu, osasunean eta ongizatean"
Amaia Bacigalupe EHUko irakasle eta osasun publikoan doktorea da, eta haurren irteerak txalotu egin ditu osasun mentalean, emozionalean eta fisikoan mesede handia egingo dielako txikienei.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
“Haurren osasuna konfinamenduan”, Espainiako gobernuak eskatuta EHUk egin duen txostenaren arabera, 3 eta 12 urte bitarteko haurren % 20k ez du apenas ariketa fisikorik egin itxialdian eta % 25k 6 ordu baino gehiago egin ditu egunean pantailaren aurrean.
Hori dela eta, haurren irteerak txalotu egin ditu Amaia Bacigalupe EHUko irakasleak eta osasun publikoan doktoreak, osasun mentalean, emozionalean eta fisikoan mesede handia egingo dielako txikienei. Hala ere, baimenak pixkanaka beste kolektibo batzuei ere zabaldu beharko zaizkiela gaineratu du.
Izan ere, konfinamendu luze honek albo ondorioak izango dituela uste du Bacigalupek, osasunean ez ezik, baita ongizatean ere. Ezberdintasun sozialak areagotu egingo direla erantsi du, eta albo ondorio horiek zaintzen hasteko unea dela uste du.
Era berean, herritarrek orain arte agindutakoa zintzo bete dutela gogoratu du, herritarren % 1i besterik ez diotela isunik jarri, eta, ondorioz, herritarrengan konfiantza izan dezaten eskatu die politikariei, normaltasunerako bide honetan.