Itxi

SERGIO MURILLO

"Bisitei eutsi egingo diegu, baina egoeraren arabera neurriak zorroztu egingo dira”

Bizkaiko adinekoen egoitzeko egoera baloratu du Euskadi Irratiko Goiz Kronikan Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak. 71 egoiliar kutsatu dira birusaren bigarren olatuko bost agerraldietan.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

“Kasuen gorakada nabarmena gertatu da, eta gizartearen isla dira adineko zentroak” esan du Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak Euskadi Irratian. Udako agerraldiekin batera, bost kutsatze foku izan dira, eta Murilloren esanetan horietatik hiru agerraldi “indartsuak” izan dira: Bilboko Zorrozgoitikoa, Zamudioko Troiuondokoa, eta Gallartakoa. Ondorioz, “71 egoiliar kutsatu dira. Bi erietxera eraman behar izan dituzte, baina ez dago inor Zaintza Berezietako Unitatean, eta oraingoz ez da inor hil”. Hori bai, ohartarazi du aurrera begira heriotzak izan daitezkeela.

Hurrengo egunetan ezarriko diren neurri murriztaileen gainean galdetuta, Murillok esan du “begi onez” hartu dituztela, eta egoitzetan PCR proba masiboak egitearen alde agertu da. “Bizkaiko zentroetan 3000 proba baino gehiago egin ditugu, eta hori da oraingoz, birusari aurre hartzeko daukagun tresnarik eraginkorrena”, nabarmendu du.

Bisiten murrizteari dagokionez, Murillok esan du “eustea” dela irizpide nagusia egoiliarren “ongizate emozionala zaintzeko”, baina zehaztu du tokian tokiko egoeraren arabera jokatuko dutela. “Kutsatzeko arriskua murriztea izango da irizpide nagusia, eta horren arabera neurriak zorrotzagoak izango dira”.

Audioak (1)