KORRIKA 2021
Alizia Iribarren: "Korrikaren diru-iturria ez izateak zulo handia eragin digu"
Eneritz Gorrotxategi | EiTB Media
Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaileak adierazi du gaur, korrika amaitu behar zela oroituz, 80 herritan baino gehiagotan "Bultza euskaltegiak, bultza euskara" lelopean ekitaldiak egingo dituztela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Covid-19aren pandemiak geldiarazi du aurtengo udaberrian egitekoa zen Korrika. Berez, gaur amaitu behar zela gogoratzeko, Euskal Herrian zehar, 80 herritan baino gehiagotan ekitaldiak izango dira "Bultza Euskaltegiak" kanpainaren barruan.
Alizia Iribarren AEK-ko koodinatzailean adierazi duen gisan, AEK-rentzat "diru-iturri garrantzitsua" izaten da Korrika, euskararen aldeko aldarikapen arrakastatsuaz gain. Aurten baina, "ez egiteak, zuloa" eragin diela esan du Iribarrenek. Hori dela eta, "banketxe bidez" egin behar izan diote aurre egoerari eta horrexegatik jarri dute martxan "bultza Euskaltegiak, bultza euskara" kanpaina.
Euskal Herriko 80 herritan baino gehiagotan, gaur eguerdiko 12etan aterako dute "korrikaren lekukoa kalera" eta mezu bateratua ere irakurtzekotan dira. Iribarrenek, herritarrei "parte hartzeko deia" luzatu die. Gaurkoaz haratago baina, apirilaren amaieran beste aurrerapausu bat ematera doaz: "hiru administrazioei gutuna" helarazi behar diete, "euskarak behar dituen baldintza batzuk azaleratzeko" helburuz.
Bestalde, 2022ko udaberrian, KORRIKA antolatzeko borondate osoa agertu dute baina nabarmenduz "ez dakitela zein neurri" izango dituzten orduan eta horren arabera "egokitu" egin beharko dutela esanaz.