ESKUMENAK
Garamendi: "Preso guztiekin legedia modu berean aplikatuko dugu"
Eneritz Gorrotxategi | EITB MEDIA
Autogobernu eta Gobernantza Publikoko sailburuak Euskadi Irratiko Goiz Kronikan "egun garrantzitsua" dela adierazi du, "geurea den eskumena ekarri" dutela iragarri biharamunean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak lau eskumen bereganatzeko akordioa itxi biharamunean, Gernikako Estatutua betetzeko bidean "aurrerapauso" gisa ikusten du Olatz Garamendi Autogobernu eta Gobernantza publioko sailburuak. Euskadi Irratiko "Goiz Kronika"n eskainitako elkarrizketan zehaztu du "lau eskumen hauek lotuta izan arren, lanean" jarraituko dutela.
Urritik aurrera hasiko da Jaurlaritza eskumen hau gauzatzen eta sailburuak adierazi du "eskumen handia" dela. "700 langile eta espetxean dauden 1300 pertsona dira, 70 milioi euroko kopuruarekin eta lan handia" izango dela esan du, "azpiegiturak eta baliabideak montatu behar dira hau dena ondo antolatzeko" erantsiz. Autogobernuarentzako "ezinbesteko" jo du pausu hau. Argitu duenez, "legedia estatuak markatzen du bere eskumena" delako baina "horren exekuzio eta aplikazioa guk geuk eramango dugu eta horrek esan nahi du eredu propioa izango dugula", "Iparra birgizarteratzea eta bersozializatzea jorratzea" izango dela zehaztuz.
Prentsan azken orduotan kaleratutako hainbat lerrobururen ondoren, Garamendi sailburuak adierazi du "ezin dela gizartea nahastu" eta "gurea izan behar zen eskumena gure herrira ekarri dugula" eta "horrek esan nahi du aplikatuko dugula legedia espetxean dauden guztiekin modu berdinean".
Eskualdatuko diren lehen eskumenak lau badira ere, gainerakoez galdetuta, "transferentzia bakoitza mundu bat" dela eta "inmigrazioarekin, trenbideekin lanean" ari badira ere "gauzatzen den neurrian" adieraziko dituzte, "hari-mutur asko" izan ditzaketelako. Esku-aldatze horiek gainera, "ez bakarrik legea betetzea delako, baizik eta gureak diren eskumenak hona ekarri behar ditugulako eta horrek eragin zuzena izango duelako gure herritarrengan" eta erantsi du "hau izan behar dela horretarako legealdia". Maiatzaren 10ean sinatuko dute eskumen aldaketa. Autogobernu sailburuaren arabera maiatzaren 4an egingo diren Madrilgo hauteskundeek "ez dute" eskumenen aldaketan eraginik izango eta gaurkoa "egun garrantzitsua" dela esanaz amaitu du, Euskadi Irratiko uhinetan Igotz Alkortak egin dion elkarrizketa.