ELKARRIZKETA - EKONOMIA
Adrian Zelaia: "Aldaketa teknologikoa banku guztietan antzemango da"
Eneritz Gorrotxategi | EiTB media
BBVAk eta Caixabankek kaleratzeak iragarri berritan Adrian Zelaia ekonomialari eta Ekai Centerreko presidenteak Goiz Kronikan esan du "gureak osasuntsu daude, ez dituzte banku handi horien arazoak".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Adrian Zelaia ekonomialari eta Ekai Centerreko presidenteak Euskadi Irratiko "Goiz Kronika"n adierazi du banku sektorean "ohitura aldaketak" gauzatzen ari direla eta horretan, "koronabirusa lagungarri" izan dela "herritarren ohiturak aldatu eta teknologia berrietara egokitzeko" balio izan duelako. Halere, hiru faktore nagusi bereizi ditu gertatzen ari dena ulertzeko "aldaketa teknologikoa, errentagarritasunaren krisia eta Covid-19aren inguruan sortu diren mehatxu estrukturalak".
Azken asteotako murrizketen eta kaleratzeen albisteak zergatik iritsi diren galdetuta, "mehatxu horien aurrean bankuak berkokatzen hasi direla" adierazi du eta "momentuz banku handi guztietan egoera bertsua" izango dela aurreikusten du. Egoera, "arriskutsua dela" esan du eta "egoera atzeratzen saiatu diren arren, sakoneko arazoa kopontzeke" dagoela gaineratu du.
Albiste horien ondoren, gurean errotutako sektoreko erakundeak nola dauden galdetuta, "indartsu" daudela zehaztu du; izan ere "kaudimen aldetik ez dituzte banku handi horiek dituzten arazoak eta alde horretatik osasuntsu" daudela argitu du. Jabetzen da ordea, "aldaketa teknologikoaren efektua banku guztietan" igarriko dela "lehenago edo beranduago", hori, bezeroen ohiturekin eta bankuek errentagarritasunaren aldetik aukera horiek aprobetxatzeko egiten duten presioarekin lotuta dagoela dio.