ELKARRIZKETA
Antton Kurutxarri: "Dilindan da dena, egoera larria da, sekula baino larriagoa"
Eneritz Gorrotxategi | EiTB Media
Euskal Hirigune Elkargoko hizkuntza politika arduraduna eta Euskararen Erakunde Publikoko Lehendakaria da Antton Kurutxarri. Konstituzio Kontseiluak "militante ideologiko" gisa jardun duela dio.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Frantziako Konstituzio Kontseiluak emandako ebazpenak, Ipar Euskal herriko egoera "kinka larrian" utzi duela dio Antton Kurutxarrik, Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika arduradun eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak. Azken 40 urteetan ikusi ez duten "ofentsiba" gisa definitu du atzo ezagututako ebazpena, eta "militante ideologiko gisa" jardunda, "jakobinismo hutsa" dela deritzo.
Legea bere osotasunean ordez, atal jakin batzuetan ezeztatu dutenez, "dena zalantzan" geratu dela zehaztu du. Gauzak horrela, "sare pribatuan zein Seaskako ikastoletan etor litezkeen eskaerekin zer gertatuko den jakitea zaila" izango dela uste du. Erabaki horrek bistaratu duena, Kurutxarriren irudiko, zera da; " Zein prekarioak diren gure hizkuntzak lege babesik ezean eta zenbat energia xahutu behar den". Molac legearekin, "murgiltzea legeztatuko zelakoan" zeuden arren, "ororen bur anti-kontituzionalak izateko arriskuan" daudela gaineratu du, "harrituta eta haserre" daudela nabarmenduz.
Konstituzio Kontseiluak emandako ebazpenak ez du helegiterako aukerarik uzten eta Frantziako Konstituzioa aldatzeko aukera "zinez zaila" dela deritzo. Jakina da ezeztatutako bigarren atal hori aldatu beharko dela, baina "konstituzionalista eta juristak zalantzati dira ez baitu egoerak aterabide handirik ematen". Mementoan bada, mobilizazio eta protesta egiteko aukerari eutsi diote, larunbatean Baionan manifestaziorako deia eginda.
Kurutxarriren arabera, "Gobernuak ikusi behar du haserrea handia dela, Ipar Euskal Herrian bezala hizkuntza gutxituak dauden gainerako lekuetan, eta haserre hori entzunarazi behar diegu". Ebazpenak Euskararen Erakunde Publikoa bera ere zalantzan jarri duela esanaz amaitu du, Euskadi Irratiko Goiz Kronikan egindako elkarrizketa.