ELKARRIZKETA
Ainhoa Astigarraga (Steilas): "Guretzat lanpostu gutxi dira eskainitakoak"
Eneritz Gorrotxategi | EITB media
Euskadi Irratiko Goiz Kronikan adierazi duenez, "Hezkuntza publiko indartsu bat lortzeko" eta "interinitate tasa altuari" aurre egiteko, "baliabide gehiago eta ratioak murriztea" behar dute.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ainhoa Astigarragak Steilas sindikatuko hezkuntza alorreko nazio batzorde iraunkorreko kideak salatu duenez, "hezkuntzan lanpostu guztiek ez dute aitortza bera; batzuk egiturazkoak dira eta horiek LEPra atera daitezke, baina beste asko interinoek betetzen dituztenak" dira. Horregatik azken horiei ere "egiturazko aitortza" egitea eskatzen dute "etorkizuneko murrizketen ondorioz desagertu, pribatizatu edota eskaintza publikoetara atera" ahal izateko.
Gaur, hego Euskal Herrian hezkuntza alorrean egiten ari diren oposaketetan 1700 plaza inguru eskainiko dira; 1.100 baino gehiago Euskal Autonomia Erkidegoan eta 620 Nafarroan. Hala ere, STEE-EILAS sindikatuko kidearen aburuz "guretzat lanpostu gutxi dira, izan ere LEP hauek ez dute zerikusirik interinitate tasarekin, baizik eta erreposizio tasarekin". Interinitate tasa hori jaisteko eta "behin-behinekotasunaren abusuarekin amaitzeko", "kontsolidazio prozesuak" eskatzen dituzte, eta horretan jardun dute beste sindikatuekin elkarlanean "salbuespen egoerak salbuespeneko neurriak behar dituela iritzita. Gainera, "hezkuntza publiko indartsu bat" helburu, "baliabide gehiago" eskatu ditu, lan-kargak arintzeko eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko "ratioak txikitzea" eskatzen dute.
Azken bi ikasturteak "oso gogorrak" izan direla jabetuta, ikastetxeek "sekulako lana" egin behar izan dutela nabarmendu du. Ziurgabetasun horrek eraginda, ikasturtea "mobilizazio batek hasi" zutela eta amaitu ere "beste mobilizazio batekin" amaitu dutela gogorarazi du, kalitatezko zerbitzu publikoetako interinitate tasa altuak zerbitzu publikoak "arriskuan" jartzen dituela azpimarratuz".