ELKARRIZKETA
Jon Mirena Landa: "Giza eskubideen aurka modu sistematikoan jardun izan da"
ENERITZ GORROTXATEGI | EUSKADI IRRATIA
Zuzenbidean doktorea, giza eskubideen katedrako zuzendaria eta balorazio batzordeko bozeramalea da Jon Mirena Landa. Goiz Kronikan adierazi du "sarritan ukatutakoa herri plazan jarri" nahi dutela.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Torturaren biktimen babeserako nazioarteko egunean, Eusko Jaurlaritzak polizia indarkeriaren 35 biktima aitortuko ditu, lehen aldiz. Balorazio batzorde batek ebatzitako lehen 35 kasuak dira. Jon Mirena Landa Zuzenbidean doktorea, Giza Eskubideen katedrako zuzendaria eta balorazio batzorde horretako bozeramalea Euskadi Irratiko Goiz Kronikan izan dugu. Bertan adierazi du biktima hauen aitortza "herri politika egiten hasteko bidea" izan dela. "Giza eskubideen kontrako eraso larriez" mintzatu da, "abusuaz haratago, jendea hil eta torturatu egin dela" azpimarratuz eta "onartezina" dela adieraziz. Landak hasieratik argitu nahi izan du batzorde honek "modu independentean" jarduten duela, ez direla "gobernu organoa" eta "frogekin" funtzionatzen dutela.
Gaurko aitortzaren esanahiaz galdetuta, esan du "ezinbestekoa dela gizarte sinesgarri bat eraikitzeko horrelakoak pairatu dituztenak aitortzea" eta horrezaz gain, "aitortu beharko litzatekeen askotan zoritxarrez ukatu egin dela". Batzordeak bere lana burutzerakoan, "jarduteko modu batzuk" azaleratu direla ere esan du: "Entzuten duzunean bati Gernikan, besteari Bakion gauza bera gertatzen zitzaiela, funtzionatzeko modu bat zegoelako zen, modu sistematikoan jarduten zen giza eskubideen aurka". Gauzak horrela, orain falta dena "herri plazan hori aitortzea" dela dio, "biktima hauek besteak bezala lehen mailan" jarri behar direla gaineratuz. Landak aurrera begira "neurriak hartu" behar direlako "ez gertatzeko berriz eta demokrazia sakonago batean, egia esan dezagun".
Bide horretan, alderdi politikoek izan dezaketen jarrera alde batekoa edo bestekoa izan baliteke ere, Landak dio "hauek herri osoaren biktimak direla". "Pentsaeerak utzi" beharra azpimarratu du, "hau denon gaia" dela iritzita, "egiaren indarra handia da azalarazten hasten denean". Euren jardunean "ez dutela epaitzen" eta "estatu batek jendearekin egindakoa aztertzen" dutela, "ideologia kanpoan" utzita.
Orain arte frankismo aurreko 35 biktimen tortura kasuak aztertu badituzte ere, Euskadi Irratiko Goiz Kronikako uhinetatik poliziaren biktima izan litezken horiei "hurreratzeko" eskatu die: "etor daitezela eta lege baten organo independente baten ikuspuntutik" artatuko dituztela nabarmendu du, batzorde hau "ez delako inolako alderdiren gatibu".