Itxi

ELKARRIZKETA

Pello Otxandiano: "Helburua hezkuntza hitzarmena ondo egitea da, ez azkar egitea"

Eneritz Gorrotxategi | EITb Media

EH Bilduko programa zuzendaria izan da Euskadi Irratiko Goiz Kronikan koalizioak hezkuntzarako egin duen proposamen berritzailearen inguruan hizketan. Oinarrian "indarrak batzea" dutela dio, "urte gehiegi daramatzagulako helburu eta desira antzekoak ditugunen arteko gatazkak eragiten".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariarekin EH Bilduk egindako hezkuntza proposamena aletu dugu Euskadi Irratian. Sistema publiko eta itunpekoekin amaitzea proposatzen dute, eta beraz, ikastetxe guztiek finantzaketa publikoa izan dezaten hartu beharko lituzketen konpromisoak zeintzuk liratekeen argitu du: "eskola-esperientzia, matrikulazioa bateratzea eta kurrikuluma, hizkuntza eta genero berdintasuna eta laikotasuna bermatzea". Izaera juridikoa "ezberdina izan arren, sistema publikoak eskatzen duen gisan "eskubideak bermatuz gero", izaera publikoa izan behar luketela adierazi du. 

Proposamenaren oinarrian, "ideiak batzearen ideia" dagoela esan du "urte gehiegi daramatzagulako biribilgunean, helburu eta desira antzekoak ditugunen arteko gatazkak eragiten" eta honenbestez, "jauzi bat emateko unea" dela deritzo.

Segregazioa dela eta, premia bereziak dituzten ikasleak modu orekatuan banatzea eta ikasle zein familien ikastetxea aukeratzeko aukera jasotzen ditu EH Bilduren testuak. Horretarako, "Kataluniako murgiltze eredutik asko ikas dezakegula" gai honek "esku-hartze zabala eta efektiboa" behar duela, gaia, "konplexua" delako. Bide horretan "baliabideak koordinatu eta aktibatzea" ere beharrezko jotzen du.

Murgiltze ereduaren inguruan Otxandianok dio "eztabaidarako prest" daudela eta konponbideak mahai gainean jartzeko "behartuta" ikusten direnez "ez dutela marra gorririk jarriko". Ikasleek derrigorrezko ikasketak amaitzean eleaniztun izatea bermatzeko  eredurik eraginkorrena "murgiltze eredua" dela irizten dio. Une honetan, helburua "hezkuntza hitzarmena azkar baino, ondo egitea" dela zehaztu du Iñigo Urkulluk aste honetan esandakoen haritik.

Amaitzeko, Otxandianok esan du "hezkuntza sistema kolapsoaren atarian" dagoenez "epe laburrean sakoneko eraldaketei heldu behar zaiela". EH Bilduko kideak Goiz Kronikako elkarrizketan gaineratu du "argi dutela hau dela momentua hezkuntza hitzarmen bat osatzeko" eta prest daudela "elkarrizketarako eta adostasunetara iristeko".

Albisteak (3)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)