Itxi

Euskadi Irratia

Cuixart: "Autodeterminazioaren aldeko borroka azken bururaino eramango dugu, ondorioa espetxea bada ere"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskadi Irratian izan da Omnium Culturaleko presidentea. Kataluniako eta Euskal Herriko gatazkak izan ditu hizpide. Konponbidea, etorriko bada, nondik etorriko den ez du zalantzarik: "gizarte zibilaren indarretik".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Aieteko Konferentziaren 10. urteurrenak ekarri du Donostiara Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentea. Gatazken eraldaketa demokratikoaz aritu zen atzo arratsaldean, mahai-inguruan, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Amalur Alvarez Gure Eskuko eleduna eta Quim Torra Kataluniako presidente ohia solaskide zituela.  Euskal Herriko eta Kataluniako prozesuez aritu ziren Kursaal jauregian, orainaz eta etorkizunaz, herri burujabe baterako zioen inguruan.

Ekainean atera zen espetxetik, indultua jasota, eta Espainiako Gobernuaren eta Kataluniaren artean abian jarritako elkarrizketa mahaiarekin ez du fede handirik. Bere ustez, kalean mobilizatzen jarraitzea da bidea, eta independentziaren aldeko alderdiek gai izan behar dute estrategia bateratu bat adosteko. Burujabetzaren aldeko mugimendua indartsu ikusten du.

Euskadi Irratiari tarte bat eskaintzeko ere aprobetxatu du bere bisita Cuixartek, eta luze eta zabal aritu da Kataluniak bizi duen egoera politikoaz "Goiz Kronika" saioko mikrofonoen aurrean. Kataluniak eta Euskal Herriak, bi herriok badute indargune nabarmen bat Omniumeko kidearen iritzian: "gizarte zibilaren indarra".  Horren hitzetan,  Aieteko Konferentzian eta Kataluniako prozesuan argi ikusi zen "gizarte zibil konprometitu bat dagoela", "ekintza politiko ezberdinak" burutzen jakin duena.  "Garbi ikusi da herritarrek indarra eta boterea badutela. Indar horri bide ematen asmatzea da gakoa. Herrialde Katalanen kasuan, borroka ez biolentoarekin, mobilizazioen bidez, iritsi dira emaitzak", esan du.

Mobilizazio gaitasun horren aurrean, Estatu espainiarrak erantzun gisa "erabiltzen duen indarkeriaren monopolioa" salatu, eta "gatazka politikoak elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez bideratzeko duen gaitasun eza" nabarmendu du. "Espainia ez da gai gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzeko Europako eta munduko beste nazio batzuetan bezala, Eskozian edota Quebecen, kasu", gaineratu du. 

Autodeterminazio eskubideaz "hitz egin nahi ez duen" Estatu bat parez pare izanda, aurrera egiteko zein bide-orri jarraitu asmo duten galdetuta, eragile kataluniarrak argi du "autodeterminazioa oinarrizko eskubidea dela eta horren aldeko konpromisoa azken muturreraino" eramateko prest daudela. "Zera esan nahi dut: azken lau urteetan ikasi dugu gure mugak ezin duela izan espetxeratzeko edo errepresioa jasateko mehatxua. Horrek ezin du muga izan. Azken urteotan gure ikasbide handiena izan da politikariek herritarren aurrean hartzen duten konpromiso hori bere egin behar dutela, eta bururaino eraman ondorio guztiekin. Ondorio hori espetxea bada, bada espetxea onartuko dugu. Eta ez dut espetxea arinkeriaz aipatu nahi, ez baita, inolaz ere, egoteko leku gozo bat", zehaztu du.

Bestalde,  ez du alde handirik ikusten PSOEren eta PPren artean Kataluniarekiko duten jarrerari erreparatuz gero, "zoritxarrez".  Bere ustez, oinarrian "Estatu oso baten" jarrera irmoa dago "autodeterminazio eskubidea ukatzeko". "Askapen prozesuak luzeak eta mingarriak" direla aitortuta, kalean borrokatzen jarraitzeko deia egin du Cuixartek, "amore eman gabe".  "Kalea da gure espazioa, eta hor egon behar dugu, politikariak presionatzen", gehitu du.

Azkenik,  Omniunen oinarrietako bat katalan hizkuntzaren sustapena ere bada, eta horretaz ere mintzatu da eragile independentista. "Oso kezkatuta" agertu da, bereziki, Espainiako Gobernuaren ikus-entzunezkoen lege proposamen berriarekin, "Wert legearen parekoa", bere hitzetan.

Katalana "gizarte kohesiorako elementua" dela argi du Cuixartek, eta "Francoren diktadurak lortu ez bazuen", beste inork ere ez duela lortuko hizkuntza desagerraraztea ziurtatu du: "Gure hizkuntzak gutxiagotu nahi dituzte. Espainiar estatuak arduragabekeriaz jokatzen du euren Konstituzio sakratuak aipatzen duen nazio aniztasuna eta kultur aniztasuna babesteari dagokionez. Orain, argi esango dizut, Diktadura frankistak ez bazuen lortu,  edonolako Espainiako gobernuk ere ez du lortuko".

Albisteak (1)

Audioak (1)