Itxi

ABIADURA HANDIKO TRENA

Erremundeguy: "Ingurumen sarraskia eta presio inmobiliarioa ekarriko lituzke AHTak Ipar Euskal Herrira"

EUSKADI IRRATIA

Ipar Euskal Herrian ere, Abiadura Handiko Trenaren inguruko eztabaida berpiztu da. Gaur bilera garrantzitsua dute Baionan. Joseba Erremundeguy Euskal Elkargoko mugaz-gaindiko harremanetarako kontseilaria eta Baionako hautetsia Euskadi Irratian izan da, bileraren nondik norakoak azaltzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Akitania eskualdeak eta Frantziako Gobernuak berriro proposatu dute Bordele eta Landetako Akize arteko Abiadura Handiko Trenaren proiektuari ekitea, urteetan geldirik egon den proiektua da. Hori bai, erakunde ezberdinen artean finantzatu behar dela  eskatzen dute,  eta, tartean, Euskal Elkargoak 150 miloi euro jarri beharko lituzke. Hain zuzen, horretaz hitz egiteko bilera dute Alain Rousset Akitania eskualdeko presidenteak eta Euskal Elkargoko zuzendaritzako kide eta alkateek Lapurdiko hiriburuan.

Joseba Erremundeguy Euskal Elkargoko mugaz-gaindiko harremanetarako kontseilaria eta Baionako hautetsia Euskadi Irratian izan da goizean. Abiadura Handiko Trenak Ipar Euskal Herrian  "ingurumen sarraskia" eta  "etxebizitza arazoa areagotzea" ekar ditzakeela uste du. "Bada gehiengo zabal bat Ipar Euskal Herrian, nik uste, AHT proiektuaren kontra dena, Iparraldea zeharkatzeko. Horrek eragingo luke sarraski handia ingurumenean. Gure beldurra hori da. Baionarat eta Akizerat iristen bada, ondoren helburua izango da mugaraino iristea eta nik eztabaida hori aterako dut bileran", esan du.

Gainera, Erremundeguyren iritzian, Ipar Euskal Herrian dagoen "etxebizitza arazoa" areagotu egin dezake,  lurraldea "metropoliarekin eta Parisekin" lotzeak. "Aintzinerat eramaten den argudioa da EHk behar duela metropoliari eta munduari lotu. Nik ez dut uste erakargarritasun arazoa dugunik. Gazteak badituzte arazo handiak alojamenduak aurkitzeko nahiz eta hilabeteko sari onak izan. Orduan, AHTa iritsiko balitz Baionara, Paris eta metropoli handietako gertutasun horrek areagotuko luke presio inmobiliario hori", gaineratu du.

 

Albisteak (3)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)