Itxi

OSASUN ETXEA

Zubia: "Nahiago nuke hanka sartzea, baina laster eskola eta kirofanoak itxita eta kalean festa ikusiko dugu"

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Lehen arretan ezin dela lanik egin salatu du Donostia Ospitaleko ZIU arduradunak eta deia egin die bai administrazioei bai herritarrei neurriak har ditzaten. "Osasun langileoi eskatzen zaigun ardura maila eskatzen diet guztiei".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

"Txertatu eta ez txertatuen arteko dikotomia" alde batera utzi, eta bi tokitan jarri du gaur fokua Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak Euskadi Irratiko Osasun Etxean egin duen interbentzioan: haurrengan eta lehen arretan.

"Hego Euskal Herriko 310 ikasgela daude itxita. 7.000 haur dauzkagu etxean isolatuta. Horien arteko intzidentzia helduen ia hirukoitza da eta haurren artean ia % 2 kutsatuta dago. Horrek esan nahi du laster gela guztietan egongo dela kutsaturen bat eta dauzkagun neurriekin edo dauzkagun egoerekin ezinezkoa izango dela gela horietan klaseak normal ematea eta, berriz ere, eskolak itxi egin beharko dira", hausnartu du."Eskolak ixteko atarian egon gaitezke, transmisioa izugarria delako eta helduok ez dugulako neurririk hartu nahi", esan du.

Hala, iragarpen gogorra egingo du hurrengo asteetarako: "Nahiago nuke hanka sartuko banu, eta hala balitz barkamena eskatuko nuke, baina laster haurrak eskolarik gabe egongo dira, eta festa kalean; tabernak irekita eta ebakuntza-gelak itxita; adinekoak hiltzen eta gu parrandan". Iragarpen horrek "gizarte moduan definitzen" gaituela ere gaineratu du Zubiak: "Niri izugarrizko tristura, etsipena eta amorrua eragiten dit. Honek definitzen du Euskal Herriko gizartea zer den eta zer datorkigun. Hau maldan botatako harria bezala da, eta behin abaila hartzen duenean, gelditzea oso zaila da".

Horregatik, Administrazioari zein herritarrei eskaera zuzena egin die: batzuk har ditzatela "neurri unibertsalak eta gogorragoak denontzat" eta, besteek, "mesedez, zain dezagun aireztapena, ez gaitezen jende pilaketetan sartu eta albora utz ditzagun horrenbeste laneko afari, bazkari eta ez dakit zenbat bilkura".

"Lehen mailako arretan ezin da astean 14.000 kasuren jarraipena egin"

Izan ere, une honetan Euskal Herrian dagoen intzidentzia mailarekin "lehen arreta lehertuta" dagoela salatu du ZIUko medikuak: "Jende askok uste du txertatuta egoteagatik nahi duena egin dezakeela, eta ez, berdin dio hirugarren dosia edukita ere, transmisioa gerta, gerta daitekeelako. Horregatik neurriak behar ditugu denontzat, ze egoera oso larria da. Egia da txertoari esker ospitaleratzeak eta heriotzak murrizten ari direla, baina lehengo olatuen proportzioan. Kasuek goraka jarraitzen badute, eta portzentajeak bete egingo dira, berriz ere ospitaleak betetzen ikusiko ditugu eta jarduera kirurgikoa eten egingo da, eta horren atarian gaude".

"Lehen arretan ezinezkoa da une honetan lan egitea" ohartarazi du: "Pentsa Hego Euskal Herrian eguneko 2.000 kasu badaude, astean 14.000 direla. Nola egingo zaie horiei denei kontrola, isolamendua, jarraipenak, aztarnariak... ezinezkoa bihurtu da lehen arretan lan egitea. Lehen arretan bestelako gaixoak ere badaude eta gaixo horien arreta derrigorrean kaltetua geratuko da".

"Gertatzen ari dena gizarte osoaren porrota da eta ez dut ikusten ez kontzientziarik, ez asmorik, ez gogorik" bota du, haserre: "Izugarrizko pena ematen dit seigarren aldiz toki berean erori eta nekearen aitzakian ezer ez egitea. Pentsa gu nola gauden, osasun langileak. Eta nekearen aitzakian ezer ez egitea erabakiko bagenu? Onartezina da, ezta? Ba guk daukagun ardura maila beste guztientzat ere eskatzen dut", amaitu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)