Itxi

ELKARRIZKETA

Joseba Atxutegi: "Aurrera begirako gogoeta eta aldaketa sakonak behar dira Lehen Arreta hobetzeko"

ENERITZ GORROTXATEGI | EITB MEDIA

Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidenteordeak Euskadi Irratiko Goiz Kronikan esan du "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko unea izan behar duela honek. Gaixoak "ahalik eta ondoen artatzeko ahalegina" egin arren, denborarik "ez dutela" dio.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Osasungintza publikoaren alde kalean protesta egiteko eguna da gaur Donostian, Bilbon eta Gasteizen. SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egindako deialdiarekin bat egin du, besteak beste, Bizkaiko Medikuen Elkargoak. Lehen Arretan bizi den egoera "jasangaitza" delako, baliabideak eskatzea dute helburu. 

Euskadi Irratiko "Goiz Kronikan" Joseba Atxutegi Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidenteordeak esan du "Lehen Arreta oso txarto" dagoela momentu honetan, pandemiak lehendik zeuden  "hutsak areagotu" dituelako.  "Ia ezin dugu gehiago egin" dio Atxutegik, atsekabetuta. Izan ere, "urte askoan Lehen Arretan hitz politak entzun izan ditugu, garrantzitsuak garela esanaz, baina ez dugu ikusi hitz horiek inolako aldaketarik edo hobekuntzarik ekarri dutenik".

Gaixoak "ahalik eta ondoen artatzeko ahalegina" egiten duela nabarmendu duten arren, "denborarik ez" dutela ere esan du. Hala, Lehen Arreta hobetzeko "aurrera begirako gogoeta" ezinbesteko jo du. Euren esparrua "ito" ezkero, larrialdietako ateak ere "bete" egiten direla erantsi du eta azaldu, gaixoek "norbaitek ikustea" behar dutelako gertatzen dela hori.

 Donostian Boulevarretik, Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazatik eta Bilbon Jesusen Bihotza plazatik abiatuko dira gaurko manifestazioak, 12:00etan.

Albisteak (1)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)