Apirilak 9
Kaxilda Hernaez: Bukatzen ez den sua
Igotz Alkorta | EITb Media
Kaxilda Hernaez bere garairako ez ohiko emakumea izan zen. Duela 108 urte Zizurkilgo umezurztegian jaioa, agortzen ez zen borroka sena zuen; Francoren altxamenduaren ostean edo II. Mundu gerran erakutsi zuen bezala. Joseba Aurkerena historialariak eman dizkigu xehetasunak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
1914ko apirilaren 9an Zizurkilen, umezurztegian jaio zen Kaxilda Hernaez. Gaztetxotan Donostiara bizitzera joan zen eta Egia auzoan hasi zen garaiko gizarte mugimenduak ezagutzen. CNT-ko gazte libertarioetan sartu zen eta 1934ko greban atxilotu egin zuten. Aurrerago, saski batean leherkariak zeramatzala harrapatuta 29 urteko espetxe zigorra jarri zioten. "Alcala de Henareseko espetxera eraman zuten. Trenez eraman zuten eta jende ugari agertu zen Hernaezi babesa eskaintzera. Bi urtez egon zen preso, fronte popularrak Espainiako hauteskundeak irabazitakoan amnistia orokorra eman baitzuen", azaldu digu Joseba Aurkerena historialariak.
1936ko altxamendu frankistari armak hartuta egin zion aurre Donostian. Felix Likiniano ezagutu zuen orduan, gerora bikotekide izango zuen anarkista. Bartzelonan, Madrilen eta Aragoin ere aritu ziren borrokan. Azkenean Ipar Kataluniara alde egin behar izan zuten, kontzentrazio esparrru zenbaitetan egon ziren frantziar estatuan. 1943an Biarritzen jarri ziren bizitzen eta II. Mundu gerrako erresistentzian ere aritu zen Hernaez. Ondoren, hego euskal herriko iheslariei laguntza ere eman zien. Bere hilerrian irakurri gisan, "bukatzen ez den sua" zen Kaxilda Hernaez. Xehetasun gehiago, efemeridean.