OSASUN MENTALA
Erika Rio: "Arazoak kontatu egin behar dira, esate hutsarekin onartu egiten dituzulako"
XABIER URTEAGA | EITB MEDIA
Agifes elkarteak buru osasunari lotutako arazoak dituzten 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzeko proiektua jarri du abian.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
8 urte zituela eskolan bullyinga egiten zioten, Erika Riok, ordea, ez zuen etxean kontatu, lagunei ere ez zien ezer azaldu. Ama konturatu zen, eta orduan eman zion gertatzen ari zenaren berri. Gerora, bere burua zauritzen hasi zenean, lagun batek egindako galderak ekarri zuen bigarren aitorpena. Pixkanaka, nahi zuena azaltzen hasi zen. Urrats garrantzitsua izan zela adierazi du: "bakarrik egotetik laguntza izatera pasa nintzen".
Erikak 18 urte ditu orain eta Agifes, Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkarteak, 16 eta 30 urte bitarteko gazteei laguntzeko martxan jarri duen egitasmoko partaidea da. Nekane Azuabarrena Agifes elkarteko psikologoaren esanetan, "18 urte bete gabe arazoak dituzten gazteen kopuruak gora egin du". Horri aurre egiteko ari dira proiektu berria lantzen, "gazteek beraien arteko laguntza behar dutelako" Azuabarrenaren arabera. Laguntza eskatzen eta eskaintzen ikasta ezinbestekoa dela gaineratu du.