Maiatzak 14
Bizitzak ematen ditu ukabilkada gogorrenak
Igotz Alkorta | EITb Media
Jose Manuel Ibar "Urtain" 1943ko maiatzaren 14an jaio zen, atzo beteko zituzkeen 79 urte. 1992ko uztailaren 21ean ordea, bere buruaz beste egin zuen. Boxeolariari bizitzak eman zizkion ukabilkada gogorrenak. Pedro Mari Goikoetxea kazetariarekin aztertu dugu Urtainen ibilbidea.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Jose Manuel Ibar Aizarnazabalen jaio zen. Haurtzaroko bizilekutik, Zestoako Urtain baserritik zetorkion ezizena. Gaztetan aizkolaria eta harri-jasotzailea izan zen, baina boxeoak egin zuen ospetsu. Harri jasotzen gizonkote hura ikusita, Joxe Lizarazu enpresariak boxeoa probatzeko gonbita egin zion. Hilabete batzutan prestatu eta 1968an hasi zen neo-profesional izeneko kategorian. Ikusleen aldetik hasiera hasieratik sekulako arrakasta lortu zuten bere borrokek. 1970ean pisu astunetako Europako txapelketa irabazi zuen. Eta ondoren beste bi bider eskuratu zuen. 1972an Europako garaikurra galdu ostean, gainbehera hasi zen. Goi mailako kirolari izateko zegokion bizi modua ez zuen egiten askotan, gauean ohiko pertsonaia bihurtu zen. Goikoetxeak azpimarratu digunez, bestela lorpen handiagoak izan zitzakeen. Boxeoa utzita, negozioetan porrotak etorri ziren, alkohola eta bestelako drogak... 1992an bere buruaz beste egin zuen Madrilen. Efemeridean gogoratu dugu Pedro Mari Goikoetxea kazetariarekin.