Segurtasuna
"Parrandaren parte dela ematen du gidaria mehatxatu eta iraintzea"
Unai Urreaga \| EITb Media
Autobus gidariek diote ez dela arazo berria, baina pandemiaren ondoren areagotu egin dela eta neurriak eskatzen dituzte. Gidariak bidaiariengandik banatzeko aukera jarri digute mahai gainean.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Joan den astean Mungiako lineako gidari batek jasandako erasoa eta gero gidariak urduri daudela esan digu Ander Larrañagak. Avanza Durangaldea enpresako langilea eta ELAko ordezkaria da. Joan den astekoa bezain kasu larriak ez, baina gorabeherak maizegi izaten direla dio Iñaki Fernandez de Gorostizak. Bidasoa eta Oarsoaldeko Ekialdebus konpainiako gidaria eta LABeko ordezkaria da. Asteburuetan arazoak larriagoak izaten direla eta egoera kezkaz bizi dutela esan digu.
Gizarte osoari dagokion arazoa dela uste dute. Larrañagak dio gaiak ez daukala irtenbide erraza, baina konponbideak Aldundiek, enpresek eta langileek adostu beharko lituzketela. Neurri horiek berehalako eragina izan beharko luketela azpimarratu digu. Fernandez de Gorostizak, berriz, gidaria bidaiariengandik "aislatzeko" beharra ikusten du. Pandemiagatik manparak jarri zizkietela, baina ez dela nahikoa dio.
Bizkaiko Aldundiak udaltzaingoekin eta Ertzaintzarekin koordinazioa areagotzearen alde egin du. Gipuzkoako Aldunditik berriz diote, segurtasunarena enpresa bakoitzaren eskumena dela, baina kezkatzen dituen gaia dela eta urratsak ematen ari direla. Besteak beste, manparak jarri izana aipatu digute.