Atalase eskultura multzoa
Goirizelaia: "Borondatea badago, Iñigo Cabacasekin akatsa egin dutela onartu eta aldatu egin beharko lukete"
Cabacas sendiaren abokatuak adierazi du "bigarren mailako biktima" sentitzen direla, eta jakinarazi du Udalarekin harremanetan jarriko direla Ertzaintzaren pilotakada baten eraginez hildako gaztearen gurasoak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Iñigo Cabacasen familia Bilboko Udalarekin harremanetan jarriko da, Atalase eskultura multzoan "behar beste argitu ez diren kasuen" epigrafean agertu izanak sortutako ezinegonaren berri emateko. Jone Goirizelaia sendiaren abokatuak Euskadi Irratian adierazi duenez, "bigarren mailako biktima" sentitzen dira, eta "borondatea badago", akats hori zuzendu beharko luke Udalak.
Izan ere, Goirizelaiak azaldu du epaia batek baino gehiagok frogatutzat jo dutela Ertzaintzak jaurtitako pilota batek eragin ziola heriotza Cabacasi eta, beraz, "segurtasun indarren biktimen" epigrafean agertu beharko lukeela uste du familiak. Bilboko Udalak Guggenheim eta Arte Ederren museoaren artean inauguratutako artelanaren helburua "terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktima guztiak gogorarazi eta omentzea" dela azpimarratu dute, Bizkaiko hiriburuko udal gobernuak nabarmendu duenez. Atalase eskultura multzoan emandako tratuagatik "birbiktimizatuta" sentitu da Cabacas Lizeranzu familia, eta Bilboko Udalaren "enpatia ezagatik, suminduta", abokatuak azpimarratu duenez.