Itxi

Bego Atxa, Sare

"Espetxe eskumenarekin, erraztasun handiagoak izango ditu gradu progesioak"

Leer en Castellano

Sareren bozeramaileak aurrerapausotzat jo du eskualdatzea, Jaurlaritzaren esku egongo delako EAEko espetxeetako euskal presoen gradu aldaketaz erabakitzeko tresna.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak gaur sinatu dute EAEko hiru espetxeen kudeaketa (Martutene, Basauri eta Zaballa) Eusko Jaurlaritzaren esku utziko duen akordioa. Eskumen horrek baliabide materialen eta giza baliabideen eskualdatzea ekarriko du eta, Bego Atxa euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko Sare elkartearen bozeramaileak "Goizak Gaur" albistegian esan duenez, horrek graduen progresioa ahalbidetuko du. Balorazio postiboa egin du Sarek, presoen gradu progresioaren erabakia Jaurlaritzak edo Jaurlaritzak ezarritako juntek hartuko bailukete. Hori bai, azken erabakia, Katalunian gertatzen ari den haritik, auzitegien eskuetan geratuko dela gogoratu. Edonola ere, aurrerapausotzat jo du Atxak, "Jaurlaritzak zentzu horretan beti esan izan baitu asmoa duela euskal presoei beste presoei aplikatzen zaien irizpide bera aplikatzea eta hori horrela bada, oso positiboa da".

EAEn dauden 40 euskal presoei eragiten die horrek, ez, ordea, autonomía erkidegotik kanpo dauden beste presoei. Katalunian hartutako irizpide bera jarraitzen bada, Atxak uste du "batzorde misto bat eratuko dela eta eta batzorde horri eska dakioke EAEtik kanpo dauden euskal presoak EAEra lekualdatzea, eta, ondoren, horiei ere dagozkien eskubideak eta gradu progresioa aplikatzea".

Une honetan, ETArekin zerikusia duten delituengatik zigorra betetzen ari diren 185 preso daude espainiar estatuko espetxeetan. Espainiako gobernuak azken hilabeteetan egindako leku-aldatzeen ondoren, dozena bat gertauko litzateke Levanteko eta Andaluziako espetxeetan. Sareren helburua epe laburrean urrutien Madrilen egotea da, eta horretarako ari dira lanean eragile sozial, politiko eta sindikalekin; “ez daukagu kontrakoa pentsatzeko arrazoriik, ikusi baitugu hurreratzearekiko jarrera baikorra dela”, azpimarratu du.

Albisteak (1)

Audioak (1)