Itxi

Miren Basaras

"Itxaropentsua da; covida gainditu dutenek epe luzerako immunitatea izan dezakete"

Basarasek dio Washington Unibertsitatearen ikerketak erakusten duela hezurmuinean topatutako oroimen luzeko plasma zelulek erakusten dutela immunizazio iraunkorra izan dezaketela gaitza pasa dutenek.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Covid-19a gainditu eta lau hilabetera, antigorputzen kopurua jaitsi egiten da, kasurik gehienetan. Baina molekula horiek, 11 hilabete geroago ere, odolean daudela ikusi dute AEBko Missouriko Washington Unibertsitatean 77 gaixorekin egindako ikerketan. Eta ez hori bakarrik: oroimen luzeko plasma zelulak aurkitu dituzte aztertutako 18 kasuetako 15ean hezurmuinean gordeta, birusa berriz agertuz gero horri aurre egiteko mekanismoa aktibatzeko prest. Antigorputz horiek hainbat hamarkadatan sortzeko gaitasuna dutela uste dute ikertzaileek, eta, beraz, ia bizi osorako immunitatea eman dezaketela. Miren Basaras Euskal Herriko Unibertsitateko mikrobiologoak "Goizak Gaur" albistegian esan duenez, lagina txikia den arren, emaitzak "itxaropentsuak" dira, baina "zuhurtziaz hartu behar dira, ez baitakigu hezurmuinean zenbat denboraz egongo diren, hau da, bizi osorako izango diren edo 5 urte barru jaitsiera egongo den".

Basarasen arabera, oroimen luzeko zelulak izateak esan nahi du birus berarekin bigarren kontaktu bat izango bagenu gure sistema immunea gogoratu egingo litzatekeela eta berehala aktibatuko litzatekeela. Edonola ere, gaitza pasa dutenek txertoa jarri behar dutela berretsi du, ikerketak argi erakutsi baitu gaitza pasa eta txertoa jaso dutenek oroimen zelula gehiago dituztela gaitza pasa eta txertatu ez direnek baino.

Bestalde, txertoen bi dosi hartutako 850 pertsonak eman dute positibo EAEn, eta aurretik kutsatu diren 828 pertsona berriro kutsatu direla egiaztatu dute. Horren aurrean, mikrobiologoak esan du badakigula txertoak ez direla % 100 eraginkorrak, eta txertatuta egonagatik ere kutsa gaitezkeela. Hori bai, kopurua oso txikia dela azpimarratu du, eta, gainera, infektatu diren persona horiek oso sintoma arinak izaten dituztela. "Beraz, txertoaren inpaktua nabaritzen da, hau da, txertoak gai direla gaixotasun larriak ekiditeko", nabarmendu du.

Audioak (1)