Elkarrizketa
Maixabel Lasa: "EH Bilduk eta Sortuk egindako adierazpenaren ondoren, zer egingo du PSOEk GALi lotuta?"
Arnaldo Otegiren eta Arkaitz Rodriguezen adierazpena txalotu du eta elkarbizitzarako pauso handia dela azpimarratu du. Urrats horrek, orain, PSOE GALi eta beste hainbat gairi lotutako hausnarketa egitera bideratu beharko lukeela uste du ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargunak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Txalotzeko moduko pausoa iruditu zaio Maixabel Lasari EH Bilduk eta Sortuk gaur Aieten egindako adierazpena, Euskadi Irratiko "Goizak Gaur" albistegian nabarmendu duenez. EH Bilduk eta Sortuk "bere" egin dute ETAren biktimen mina, eta ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargunaren iritziz, aspaldian espero zuen mezua da eta "ongi etorria" izango da. Horrek, ordea, PSOEri barne hausnarketa bat egiteko bidea eman behar liokeela uste du Jaurlaritzan terrorismoaren biktimen arretarako zuzendari izandakoak: "Zer egingo du PSOEk bere etxean gauzak konpontzeko? GALi buruz zerbait esan behar duela uste dut eta beste gauza batzuei buruz ere bai. Orain espero dut hausnarketa egitea".
Lasak azpimarratu du eskatzen zitzaien urratsa zela, eta egiteko asko dagoen arren, "elkarbizitzarako pauso handi bat" dela aipatu du. "Ikusi egin behar da hemendik aurrera elkarbizitza nola doakigun, baina bidean aurkitzen ditugun trabak baztertzen saiatuko garela uste dut".
Aieteko Konferentziaren hamargarren urteurrena eta ETAren indarkeriaren amaiera dela eta egindako agerraldian esandakoari terrorismoaren zenbait biktimak egindako kritiken aurrean, Lasak dio biktima guztiak desberdinak direla eta iritzi eta ikuspuntu guztiak errespetatu behar direla "nahi edo ez nahi". "Ziur aski EH Bilduren inguruan ere denek ez dute berdin pentsatzen eta batzuei irudituko zaie azkarregi eman dutela, baina ausarta izan beharra dago eta nik txalotu egiten dut eman duten pausoa":