Ukrainako gerra
Landa: "Butxakoa gerra krimena izan da, jendea sistematikoki exekutatu dutelako guda testuingurutik kanpo"
Garazi Urdanpilleta | EITb Media
Jon Landa EHUko Zigor Zuzenbideko katedradunaren arabera, Hagako Naziorteko Zigor Auzitegiak krimen horiek ikertzeko eskumena izango luke, baina, Putin erruduntzat jota ere, zail ikusten du hura atxilo hartu ahal izatea.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Asteburuan Ukrainako Butxa hiritik iritsi zaizkigun irudi gordin horiek bertan gerra krimenak egin direla erakusten dutela uste du Jon Landa Euskal Herriko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradunak. "Goizak Gaur" albistegian zehaztu duenez, gerra krimena beti da babestutako taldeen kontrako jarduna. "Gerra testuinguruan soldaduek soldaduen kontra borrokatu dezakete, baina ezin dituzte zibilak edo errenditu eta atxilo hartutako soldaduak exekutatu edo hil. Irudi lazgarri horiek guda testuingurutik kanpo sistematikoki jendea exekutatu dutela erakusten dute", azaldu du.
Are gehiago, bestelako eraso batzuk ere gerra krimenak izan daitezkeela ere zehaztu du, esaterako, ospitaleak erasotzea edo setioak egitea, baina frogatu egin behar dela ekintza horien zergaitia; hau da, ospitaleak akats baten ondorioz suntsitu badira, ez lirateke gerra krimen izango. Setioei dagokienez, azpimarratu du "jendea hilarazteko helburuz egindako setioa gerra krimena" dela.
Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegian abiatuta dago Ukrainako balizko krimenen inguruko ikerketa, fiskaltzaren ekimenez. Landaren arabera, ez Ukrainak, ez Errusiak, Erromako estatutuak ez sinatu izanagatik ere, auzitegiak eskumena izango luke horretarako, Ukrainak berak egin duelako eskaera. Alabaina, ustezko gerra krimen horien erantzule gisa Errusiako armadako burua edo Putin bera erruduntzat jotzeko, ekintza horietan aginte katea dagoela frogatu beharko litzateke. Edonola ere, teorian kondena irits badaiteke ere, Landak uste du de facto ez dela bideragarria Putin bezalako persona bat atxilotzea, indar kontua baita. "Nork atxilotuko luke Putin?", adierazi du katedradunak.