Inkisizioa Durangon
Durangon Inkisizioak 10 emakume sutan erre zituenekoa
B.F.
EiTB
Anbotoko herejeak sektaren inguruko xehetasunak eman dizkigu Ander Berrojalbiz durangarrak, 'Hiri Gorrian' saioan.
Anbotoko herejeak ikerketa liburua idatzi du Ander Berrojalbiz durangarrak. Batik bat, XV. mendean Durangaldean izan ziren herejeen nondik norakoak azaltzen saiatu da liburuan. Gure historiaren pasarte ilun honetako xehetasun batzuk kontatu dizkigu ‘Hiri Gorrian’.
Anderrek jakinarazi digunez, Anbotoko herejeak izenarekin ezagutu zen taldea edo sekta Durangon sortu zen, XV. mendean. Frantziskotarren ideologiaren barruan, talde erradikala ziren Anbotoko hereje edo heretikoak. Talde honetako kideek ez zituzten giza legea eta elizaren hierarkiak errespetatzen, eta mundua hobetzeko zegoela uste zuten. Errito propioak zituzten, garaiko eliza eta boterearentzat onartezinak zirenak.
1441ean hasi zen talde honen kontrako errepresioa, eta 70 pertsonatik gora erre zituzten Durangon 13 urtean, herejeak izatea egotzita. Baina Anbotoko herejeen ibilbidea ez zen garai horretan amaitu.
Ander Berrojalbizek ikertu duenez, 1500 inguruan, sektaren jarraitzaileek jardunari ekin zioten Durangon. Ikertzaileak aurkitutako dokumentuen arabera, 1508an, Errege Katolikoen Inkisizioa Durangora bueltatu zen. Herejeak izatea egotzita, 10 emakume eta gizon bat sutan erre zituzten bizirik. Gainera, 7 emakumeren gorpu lurpetik atera zituzten eta su eman zieten gorpuzkinei.
San Benitoa
Gaur egun gaztelaniaz ohikoak dira “colgar el sambenito” eta “tirar de la manta” esamoldeak. Bi esapide hauek Erdi Arotik datozela kontatu digu Ander Berrojalbizek. Sanbenitoa herejeak sutan erre aurretik zeramaten oihala zen, eskapulario baten modukoa. Bertan, bekatariaren izena, herria, delitua eta zigorra idazten zuten. Erre ostean, elizetan zintzilikatzen zituzten sanbenitoak, herejearen oinordekoak betiko zigortzeko.
Sanbenitoaren pisuak belaunaldia asko irauten zuen familiaren baitan. Izan ere, familian herejeren bat zutenek ezin zuten kargu publikorik bete. Hortaz, batek kargu publiko bat betetzeko asmoa erakusten zuenean, herriko elizara joan, eta sanbenitoetatik tiraka erakusten zuen familia errugabea zela. Ikerketa prozesu honetatik dator gaztelerazko “tirar de la manta” esamoldea.