Itxi

Donibane Garazi

Nondik Nora: Donibane Garazi

Itxaso Mendiluzek astero ekarriko dizkigu Euskal Herria eta munduko hiriburuak ezagutzeko proposamenak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Itxaso Mendiluze arte komisarioaren bidaien txokoan, Donibane Garazi dugu lehenengo geralekua. Hiriko gida turistikoetatik at dauden txoko xarmangarrien zerrenda osatu digu Mendiluzek:

Hiriko ateetan hasiko dugu gure ibilbidea. Donibane Garazik hirira sartzeko ate ezberdinak dituela kontutan hartuz gero, Donejakue bideko eta Nafarroako ateak batzen dituen ibilbidea egingo dugu lehenik eta behin. Diotenez, Pio Barojak Zalacaín el aventurero obrako Urbia herria deskribatzerakoan, ibilbide hau zuen gogoan.

Hirian murgildu ahala, ohartuko gara etxeetako ateburuetan idatzi ezberdinak daudela. Batzuetan, eraikitze urtea eta egilea ageri dira, beste batzuetan, ostera, garia zein preziotara zegoen. Badago ateburuetako testuetan Euskal Herriaren historian garrantzitsua den zerbait. Izan ere, testuetarako erabilitako tipografia, gaur egunean, Euskal Tipografia moduan ezagutzen duguna baita.

Begiekin disfrutatzeaz gain, usaimenerako gozamena den ekintza dugu hurrengoa. Les Récoltes du Monde espezie eta belar dendak gogo batez asetuko ditu gure sudurrak. Ehunka zakutxo espeziez beteak, usainez, eta nola ez, kolorez ere bai. Etxera ekartzeko erosketatxoa egiteko aukera izango dugu denda honetan, patrikak asko zulatu gabe.

Gure azkeneko geldialdia hiriko Gotorlekua izango da. Mendiguren Jauregiaren ondoan eraikia, herriaren babesleku izateari utzi eta eskola bilakatu zen gerora. Gotorlekuaren inguruan, hiriko zitadela zaharra dugu. Bertatik, Donibane Garaziren panoramika ikusgarriaz goza ditzakegu.

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)