Itxi

Donostia

Nondik Nora: Donostia

Itxaso Mendiluzek astero ekarriko dizkigu Euskal Herria eta munduko hiriburuak ezagutzeko proposamenak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Itxaso Mendiluze arte komisarioaren bidaien txokoan, Donostia dugu gaur geraleku. Hiriko gida turistikoetatik at dauden txoko xarmangarrien zerrenda osatu digu Mendiluzek:

Donostian zein beste hirietan ere, badira ohiko ibilbideetatik at geratzen diren gauza ikusgarri eta gozagarri anitz. Donostiako ibilbide politenetariko bat, Urumea ibaiaren alde batetik joan eta bestetik itzultzea da. Alboetan dauden eraikinek, Donostiak garai ezberdinetan bizi izan duen hazkundea erakusten digute. Gainera, bertan dauden zubi bakoitzean dauden farolei erreparatzea ezinbestekoa da. Guztiak dira ezberdinak, eta estruktura anitza ezezik, bereziak ere badira oso.

Hortik gertuan, Bilbo Plaza topatzen dugu. Txikitxoa da berau, eta maiz oharkabean zeharkatzen dugu, baina erdigunean duen iturrian geratu eta inguratzen gaituzten etxeei begiratuz gero, ikusiko dugu nola plazaren biribiltasuna mantentzen duten eraikin hauek, oraindik ere ederto mantentzen diren, beren balkoi grisekin eta hirian hain nabarmena den harriarekin.

Plazatik abiatu eta Getari Kalea hartuz gero, zuzen zuzenean Boulevard Zumardira iritsiko gara. Honek, bide ematen digu Alde Zaharrean murgiltzeko, eta bertan topatuko dugu 90º denda. Bai bere diseinua bai eta bertan topatu ditzakegun objektu, arropak, perfumeak, etab. bereziak dira oso, eta nahiz eta patrika guztietara ez moldatu, bisitak merezi du.

Baina hasieran hiriaren hazkundeaz egin dugu gogoeta, eta azken urteotan badira zenbait eraikin berri edo berriztatuak, hiriari bestelako itxura eskaini diotenak. Horietako bat adibidez, Basque Culinary Center sukaldaritza eskola famatua dugu. Eraikinak kanpoaldetik plater pilatuen itsura hartzen du alde batean, eta beste aldean, dastagarri diren lorategiak topatzen ditugu. Baina hiriaren erdigunean bertan ere, bada eraikin berriztatu ireki berria: Tabakalera. Hiriko kultur gune garrantzitsuena datekeen intentzioarekin sortu da, arestiko tabako lantegia ordezkatuaz. Ireki berri da eta bere bilakaera ikusteke dago oraindik.

Amaitzeko, gogoeta txiki bat besterik ez tripak betetzeko. Portura igandez gerturatuz gero, postu txiki bat topatuko dugu, non emakume heldu batek karrakelak saltzen dituen. Haiek probatzea derrigorrezko da Kantauri Itsasoaren arimaz gozatzeko.

Audioak (1)

Informazio gehiago (1)