Euskadi Irratia Saria 2012
Maialen Chourrautentzat, Euskadi Irratiaren Kirolari Onenaren Saria
L. P.
Hiru Erregeen Mahaia
Aurreko urteetan saria irabazi duten kirolariek aukeratu dute piraguista lasartearra 2012. urteko kirolari onena.
Urtero bezala, Errege egunez, 'Hiru Erregeen Mahaia' Euskadi Irratiko irratsaioak euskal kirolari onena zein izan den iragarri du. Aurtengoan, Maialen Chourrauti egokitu zaio 2012ko Kirolari Onenaren Saria, iaz egindako lorpen garrantzitsuagatik.
Piraguistak Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, eta dominarekin itzuli zen Londresetik. Euskadi Irratiaren Kirolari Onenaren Sariaren irabazlea hautatzea ez da erraza izan. Izan ere, Maialen Chourrautekin batera, beste 14 hautagai egon dira bozketan. Aurreko urteetan saria irabazi duten kirolariek hartu dute erabakia, eta Maialen Chourrautek 25 puntu lortu ditu. Haren atzetik, Maider Unda (23 puntu), eta Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza (13 puntu) gelditu dira.
'Hiru Erregeen Mahaia' saioan piraguistarekin hitz egiteko aukera izan dute. Maialen Chourraut pozik agertu da saria irabazi duela jakin duenean Londres "emozioz beteriko lehiaketa" gisa gogoratzen baitu. Olinpiar Jokoetatik "oroitzapen onak" ekarri ditu, baina ez du iazko urtean gelditu nahi: aurrera begiratu nahi du.
Chourrautek balio handia ematen dio iaz egindako prestaketari, domina eskuratu baitzuen. Helburua lortu zuen, baina urrezko dominak eskuetatik ihes egin izanak "pena" ematen dio oraindik.
Palmaresa
Maialen Chourraut piraguista Joane Somarriba, Leire Olaberria eta Aritz Aranburu kirolariek osatzen duten zerrenda handian sartu da. Aurreko edizioetan, beste modalitate batzuetako kirolariek euskaratu dute saria: txirrindulariak, futbolariak, mendiko korrikalariak... Oraingo honetan, piraguista bat izan da irabazlea.
Hauxe da orain arteko palmaresa:
2003 Joane Somarriba
2004 Iker Martinez/Xabi Fernandez
2005 Josune Bereziartu
2006 Patxi Usobiaga
2007 Aritz Aranburu
2008 Leire Olaberria
2009 Patxi Usobiaga
2010 Edurne Pasaban
2011 Oihana Kortazar
2012 Maialen Chourraut