Lizardiren Baratza
Etxeko liburutegiak gaur, 22:00etan, 'Lizardiren Baratzean'
Liburu elektronikoa modan dago, eta joera hori ez da geldituko, ez du atzera egiterik. Hala ere, badago amore eman nahi ez duenik, eta Jose Luis Padron horien etxeetan sartuko da, liburutegiraino.
Liburu elektronikoak hautsa kendu beharrik ez du, ez du pisatzen, ez du lekurik hartzen, eta nahi adina liburu gordetzeko lekua du. Gainera, gailu horretarako liburuek duten prezioa, askotan, paperezko bertsioarena baino 10 bider merkeago da.
Hala ere, liburu elektronikoen aurrean amore eman nahi ez duenik ere badago. Paperezko liburuak duen xarma nahiago dute batzuek. Nahiago dute liburuaren lodiera, pisua eta ukitua esku artean sentitu, nahiago dute liburuek, apaletan, mahai gainean, mesanotxean edo dorreak eginez lo gelditzen direnean, etxeari ematen dioten epeltasunean bizi.
"Lizardiren Baratza" saioan, gaurkoan, azken horien etxeetan sartuko dira, liburutegiraino.
Ohiko kolaboratzaileez gain, Aritz Gorrotxategi, Irati Goikoetxea, Xabier Etxabe, Leire Bilbao, Harkaitz Cano eta Arantxa Iturbe idazleak euren liburutegien nondik norakoez arituko dira "Lizardiren Baratzean", 22:00etatik aurrera.