Lizardiren baratza
Unai Elorriagari erradiografia gaur 'Lizardiren Baratzean'
Idazle algortarraren azken lanak, 'Iazko hezurrak', Euskarazko Kritika Saria jaso du eta Narratiba Sarian finalista da. Gaur 22:00etan hitz egingo du Jose Luis Padronek Unai Elorriagarekin.
Unai Elorriaga idazle algortarraren azken lanak, Iazko hezurrak (Susa) nobelak, Euskarazko Kritika Saria jaso berri du eta, orain, Narratiba Saria jasotzeko hautagaien artean dago. Egilea, Elorriaga bera, liburua gaztelaniara itzultzen ari da egunotan, beste ezertarako astirik gabe ia-ia.
Baina Euskadi Irratiko gonbitari tokia egin dio, eta bertan egingo dioten ‘erradiografia’ haren obraren eta pentsamendu poetikoaren hezurrak eta barneko organoen itzalak ikusteko baliatuko dute "Lizardiren Baratzean".
Unai Elorriaga idazleak indarkeriari, bere ibilbideari, itzulpengintzari edota literaturaren ahalmenari buruz egingo du gogoeta "Lizardiren Baratzean" gaur gauean, 22:00etan.