Itxi

OSASUN ETXEA

Zubia: "Txertoak talde moduan ulertu behar ditugu, ez banakako babes modura"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Zorrotz eta argi hitz egin du, igandero bezala, mediku zarauztarrak, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Egoera are gehiago okertu aurretik, neurriak zorroztea eskatu du.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Covid-19aren aurkako babes-neurriak zorroztu ezean, Gabon jaien ondorena beltza izango zela behin eta berriz esan zuten osasun adituek, eta hala ari da izaten. Osakidetzak emandako azken datuen arabera, hilabetean bikoiztu egin da Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) ingresatuta daudenen kopurua. Egun, 106 pertsona daude EAEko osasun-zentroetako ZIUetan, eta 26, Nafarroakoetan.

Agertokia are gehiago okertzea nahi ez bada, neurri zorrotzagoak berehala hartzeko eskatu du, gaur ere, Felix Zubia Donostiako Ospitaleko medikuak, Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan.  "ZIU unitateak betetzen ari zaizkigu, eta gaixoak beste toki batzuetara mugitzen ari gara. Kopurua goraka doa, eta, martxa honetan,  gaixoak non artatu ezina iritsiko da", esan du. Gainera, azkenaldian, zaintza intentsiboetan dauden pazienteen "egonaldia luzeagoa" dela esan du.

Zubiaren hitzetan, neurriak ezartzeko "egoerak okerrera egin zain egoteak" ez dauka zentzurik. "Nik neurriak hartuko nituzke denok gorrian egon aurretik; zain egotea denbora galtzea da, atzetik ibiltzea", zehaztu du.  

Txertoari buruz ere luze eta zabal aritu da mediku zarauztarra. "Zenbat eta txerto gehiago, hobe", garbi dauka. Pfizer-Biontech eta Modernaren dosiei, epe laburrean, Oxford-AstraZenecarena gehitzea "berri ona" dela ziurtatu du: "hurrengo hilabeteetan txertaketa zabala izango dugu eta hortik etorriko da konponbidea. Itxaropena horretan izan beharko dugu".

Txertoen eraginkortasuna "talde gisa" ulertu behar dela azpimarratu du."Txertoak talde moduan ulertu behar ditugu, ez banakako babes modura. Talde modura funtzionatzen dute beti txertoek",  Zubiaren arabera. Hau da,  txertoaren eraginkortasuna % 70ekoa bada, hamarreko talde batean zazpi babestuta egongo dira, baina horien immunitateak, beste hirurak ere babestuko ditu.  Ildo horretan, eta zuzenean aipatu gabe, asteon txertaketen harira zabaldu diren berriak lotsagarritzat jo ditu. "Jarrera oso berekoiak eta elkartasunik gabekoak" izan direla adierazi du.

Orain, gaineratu duenez, behin txertaketa hasita, dosia hartu dutenek "transmisio katea eteten duten edo ez jakitea da garrantzitsua", datozen hilabeteak nolakoak izango diren aurreikusteko. Txertatuta dagoen pertsonak ez badu birusa transmititzen, "erremedioa azkarrago etorriko da". Transmititzen jarraituko balu, berriz, "mantsoago joango da guztia".

Entzule batek egindako galderari erantzunez, Markina-Xemeingo San Roke adinekoen egoitzan izandako agerraldia ere izan du hizpide. Bertako egoiliarrek eta langileek txertoaren lehen dosia hartuta izan arren, kutsatzea "normala" dela esan du Donostia Ospitaleko medikuak.  "Bigarren dosia eman eta astebetera lortzen da immunizazioa, eta horrelakoak gertatzea aurreikusi zitekeen", amaitu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (4)

Audioak (1)