OSASUN ETXEA
Felix Zubia medikua: "Konponbidea txertaketa zabal batetik etorriko da"
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Txertaketaren abiadurak kezkatzen badu ere, datozen hilabeteetan erritmo egokia lortuko dela espero du. Hori bai, txerto hornikuntza nahikoa dagoenerako guztia prest egoteko eskatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
2020ko apirilean, koronabirusaren pandemiak mundu osoa astindu zuen garaiko datuetara iritsi dira aste honetan Euskal Autonomia Erkidegoko zaintza intentsiboetako unitateak. Atzo bertan, 151 pertsona zeuden covid-19arekin ospitaleratuta EAEn eta horri buruzko hausnarketarekin hasi du Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioa Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuak: "Lan karga ikaragarria dugu, estu jarraitzen dugu, eta egoera larria da, aste honetakoa tanta bat gehiago da ertz-ertzean dagoen edalontzian". Oraingoz "eusteko moduan" dauden arren, eztakitela "noiz arte" ere gaineratu du.
Egoera horren aurrean, eta beste aldagai batzuk ere badirela jakin arren, osasun ikuspuntutik neurriak gogortzearen alde egin du berriz ere Zubiak: "beti atzetik goaz" hausnartu du. "Kaleko intzidentziak jatsi behar du lehenbizi" esan du, handik 15 egunera hasten baita arintzea ospitaleetan, eta zentzu horretan, oraindik ez dagoela horren zantzu handirik gogorarazi du, komunitatean birusa asko igo den honetan, transmisioa etetea giltzarri dela nabarmenduz.
Aste honetan bertan eman zaio oniritzia Oxford-Astrazenecaren txertoari Europar Batasunean, hirugarrena EBn, eta hori "berri ona" dela adierazi du, baina orain "txertaketa erritmoa azkartu" beharra dagoela, "hemendik irtengo bagara".
"Lehenik eta behin txertaketa handitu beharra da. Garrantzitsua da ahalik eta jende gehien txertatzea". EAEn jada 45.000 pertsonari jarri zaie lehen dosia, 9.500 ingururi bigarrena ere, eta bide horretan, otsail amaierarako amaitu daiteke adinekoen zentroetan txertaketak, osasun langileen txertaketak ere aurrera jarraitzen du eta ondoren, zentroetatik kanpo bizi diren helduenekin jarraituko du kanpainak. Hasiera honetan egon diren arazoak gaindituz gero, lortuko dela uste du Donostiako ZIUko medikuak. "Konponbidea txertaketa zabal batetik dator" berretsi du eta txertoen hornikuntza normaltzen denean, Administrazioak prest egon behar duela azpimarratu du, inokulazioak azkar zabaltzeko.
Egun martxan diren estrategien inguruan, Israeli buruz hitz egin du (martxo-apirilerako lortu nahi du Israelgo Gobernuak talde inmunitatea). Pfizerren txertoa ematen ari dira han eta oso pozgarritzat jo du "errealitateak saio klinikoen datuak berretsi" izana. Izan ere. %90etik gorako eraginkortasuna frogatu da.
Aste honetan, Kubak berak erabat ekoitzitako txerto bat 3. fasean sartu denaren albistea zabaldu denean, duten enbargo eta egoerarekin harrigarria den maila teknologikoa goraipatu du. Txertoa seguroa dela eta 3. fasean egiaztatuko den eraginkortasun mailaren emaitzen zain egon beharko dela orain esan du.
Asteon izan den beste hizpidearen, Txina PCR probak uzkitik egiten hasi izanaren, inguruan esan du "erosoagoa" dela modu horretan hartzea laginak, eta lagina hartu behar dutenen arriskua ere txikitu egiten dela, ahoan eta sudurrean ibili behar ez dutelako. Oraingoz "bitxikeriatik" gehiago duela baina hona ere irits daitekeela adierazi du.